Elorrioko Udalak osasun-zentroko lehen mailako arretako zerbitzuen egoerarekin haserre dagoela adierazi du. Haserre hori adierazteko eta zerbitzua hobetzeko eskatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari gutuna bidali dio.
"“Azken urteotan, Elorrioko osasun-zentroko zenbait zerbitzuren kalitateak okerrera egin du, pediatriakoak eta ginekologiakoak bereziki. Ginekologia desagertu egin da, eta pediatriari dagokionez, ordezkapenik ez egoteak eta profesionalak beste osasun-zentro batzuekin partekatzeak zerbitzu prekarioa ekarri dute, eta horrek kezka handia sortu du herritarren artean. Hutsuneak betetzeko ordezkapenik ez egoteak familiako medikuen eta erizainen arretan ere badu eragina", adierazi du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak. Horrez gain, "kalitatezko" zerbitzu publikoa aldarrikatzen dutela gehitu du.
Bestalde, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuari Durangoko anbulatorian elorriarrei eskaintzen zitzaien zerbitzuetan atzerapauso bat eman dela helarazi diote. "Elorrion ematen ziren zerbitzuak murrizteaz gain, gaur egun Durangon artatzen ziren tratamendu edo proba asko Galdakaoko eta Gernikako ospitaleetan egiten dira", azpimarratu du alkateak.