Elorrioko Udalak eta EME merkatarien elkarteak, udaberriro egiten duten moduan, maiatzaren 3tik 31ra bitartean gauzatuko den “Elorrixon Dendarik Denda” kanpaina jarri dute berriro martxan, tokiko saltoki txikien jarduera sustatzen, bultzatzen eta suspertzen jarraitzeko.
Aurten gainera, ez da bonu fisikorik egongo. Aplikazio mugikor bat sortu dute, kanpainari atxikitako 24 saltokiek transakzioak kudeatzeko eta erosketa bakooitzaren erregistroa eramateko. “Pertsonei saltokietako erosketa errazteko eta arintzeko, eta haien arteko ekitatea bermatzeko, kanpainari atxikitako establezimenduek soilik erabil dezaketen aplikazio mugikorra garatu dugu. Hau da, kanpainan parte hartu eta deskontu ekonomikoaz baliatu gura duten herritarrek zein denda edo establezimendutan erosi gura duten baino ez dute aukeratu beharko, eta une horretan bertan, produktuen erosketa egiten denean, aplikatuko da deskontua”, adierazi du Maria Herrero Elorrioko Udaleko alkateordeak.