“Ez gaude ohituta ileak kentzen ez dituen emakumea ikustera”

Aitziber Basauri 2022ko mai. 1a, 10:30

Goiuri Azkaratek (Elorrio, 2001) Madrilen eta Bartzelonan lan egiten duen agentzia bategaz dihardu. Arropa eta makillaje markentzako argazkigintzako modeloa da eta Artearen Historia ikasten du Gasteizen. Dioenez, ez da moda tendentziei jarraitzen dien horietarikoa.

Ereduak apurtzen dituen modeloa zarela esan daiteke?
Bai. Azken finean, ez gaude ohituta ileak kentzen ez dituen emakumea ikustera, depilatzen ez den neska bat ikustera.

Inoiz pentsatu duzu heldu zaren lekura helduko zinela?
Egia esan, ez. Modelo izateko aukera kasualitatez sortu zitzaidan. 17 urtegaz argazki saio bat egiteko gogoa izan nuen eta aurreztuta nuen diruagaz horrelako bat egin nuen argazkilari bategaz. Proba egin gura nuen, besterik ez. Argazkilariak bere profilean ipini zituen nire argazkiak, eta beste argazkilari batzuen mezuak jasotzen hasi nintzen, kolaborazioak eskaintzeko. Orduan, modeloa izateko aukera izan nezakeela pentsatu nuen, agentzia bategaz lan egin eta probatzeko aukera. Halaxe hasi nitzen orain nagoen agentzian, orain urte bi eskas.

Umetan barre egiten zizuten bekainengaitik eta hortz bananduak izateagaitik. Edertasun kanonek presio handia eragin dute zugan?
Gazteagoa nintzenean bai. Beste umeek barre egiten zidaten. Umetan, gainerako umeek esandakoa sinisten duzu, are gehiago behin eta berriro errepikatzen badizute. Hori guzti hori txarto bizi izan nuen. Ileak kendu gura nituen eta 'normaltasun' eredu horren barruan sartu. Bekainak depilatzeko eskatu nion amari 10 urtegaz. Zenbat eta arruntagoa izan orduan eta barre gutxiago egingo zidatela pentsatzen nuen. Autoestimuan eragin zidan, eta terapian hasi nintzen segurtasuna lantzeko.18 urtegaz gehiago ez depilatzea erabaki nuen. 

Erabaki horretan eragina izan zuen Unibrow Movement (bekain bakarraren aldeko mugimendua) sustatu duen Sophia Hadjpanteli modelo estatubatuarra ezagutzeak.
Bai. Hadjpanteli ezagutzeak ikuspegi zabalagoa izatea suposatu zuen niretzat. Instagramen jarraitzen hasi nintzaion eta inspirazio izan nuen erabakia hartzeko. Segurtasun handia zuen bere buruarengan, oso emakume ederra zela ikusten nuen, eta ni ere bera bezain polita izan nintekeela pentsau nuen. Zergaitik ezin dut nik berak besteko segurtasuna izan neure buruarengan? Ez gaude ohituta bera lako emakumeak ikustera, eta ez zaigu sartzen buruan horrelakorik egon daitekeenik.

Zein duzu etorkizuneko erronka?
Modelo lez lan garrantzitsuagoak egitea gura nuke. Izugarria litzateke. Urteren batean Madrilera edo Bartzelonara joatea gustatuko litzaidake, probatzera. Euskal Herrian ere irteten dira lanen batzuk, baina hemen ez dago moda industria handirik. 

Moda industria aldatzen hasi dela diozu.
Orain urte batzuk, modelo denak berdinak ziren, oso kanonikoak: altuak, argalak, aurpegiera beretsukoak… Orain askotarikoak daude,  asko bilatzen da aniztasuna. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!