“Bizitzeko modu bat da niretzat joskintza; asko asetzen nau”

Aitziber Basauri 2022ko api. 10a, 11:10

Martxoan, Garbiñe Gallastegi  joskintza ikastaroak ematen hasi zen, hamabi ikaslegaz, hiru taldetan banatuta. Eta ez du baztertzen talde gehiago sortzea. Dena zelan doan ikusi behar. Umeentzat ikastaroa antolatzea du erronka.

Zelan doa hasi berri duzun abentura?
Oso pozik nago. Nork esango zidan! 15 urtegaz ikasi nuen josten, eskolatik irten berri. Umeentzako arropa egiten nuen; abaraska puntua, batez ere. Baina, handik gutxira, denda batean hasi nintzen lanean, eta neure denbora librean josten nuen. 1986an neure denda zabaldu nuen eta josteari utzi nion. Orain hamar urte hasi nintzen berriro josten. baditut urte batzuk eta aldaketa handia izan da, baina semeek eta errainak asko animatu naute.

Zure ikasleak hutsetik hasi dira josten ikasten?
Gehienek ez dakite josten. Badaude bideo tutorialei jarraituz motxilaren bat edo poltsaren bat egin dutenak, baina ez dakite praka baten barrena hartzen. Hori irakasten hasiko naiz, oinarrizkoagaz. Denak dira emakumeak, gizonik ez da animatu, baina ez dut itxaropena galdu.

Zenbat denbora ematen duzu josten?
Ahal dudan guztia. Bizitzeko modu bat da niretzat joskintza; asko asetzen nau. Oihala lehenengoz mozteak errespetua sortzen dion horietarikoa naiz, baina bezeroa pozik gelditzeak, eta ni neu ere bai, poz handia sortzen dit. Pandemian oso berandura arte ibili izan naiz josten; egun batean baino gehiagotan, 02:00ak arte. Lan bat hasiz gero, lotara joan aurretik amaitu behar dut. Gainera, gauez sortzaileago sentitzen naiz. Joskintzak denbora eskatzen du, eta pazientzia handia; ezin da nagirik izan jositakoa askatu behar izateko. 

Deneriko arropa josten duzu. Baduzu enkarguren bat bereziki gogoan?
Orain urte batzuk, ezkongai soinekoa egin nuen, rockzale estilokoa. Emaitzagaz oso pozik geratu ginen biok. Egin didaten enkargurik bitxiena da. Adur-zapiak eta irakasleentzat amantalak ere egiten ditut.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Eskuz jostea. Badaude lan batzuk ezin direnak makinaz josi. Adibidez, asko gustatzen zait baserritar jantziak jostea. Denerik egin behar da, eta neure barrua husteko aukera ematen dit, koloreak nahastu eta irudimena astintzeko. Gainera, ez dut inoiz errepikatzen, jantzi bakarrak dira. Oihalen artean, pikea, harizko oihala eta krepe-a ditut gustukoen.

Inoiz egingo ez zenukeen lan bat?
Txarto josten den ezer ere ez nuke josiko, ez delako ondo geratzen. Narrua, adibidez, oso txarto josten da. 

Zer da egin gura zenukeen hori?
Egin dut egin gura nuena. Bezeroren batentzat ez bada, neuretzat. 

Jostun eta diseinatzaile bat?
Askok dute zeozer, eta uste dut denetatik ikasi daitekeela zeozer. Balentziagaren ikastaro bitan ere parte hartu dut Billbon, eta asko disfrutatu dut. Garai bateko joskintza lanak gogoratzeko balio izan dit, goi-joskintza delako. Garai batean lez josten dut nik. Beraz, goi-joskintza egiten dut. Jantzi bat egiten hasita, ondo egin behar da. Horrek hainbat proba egitea eskatzen du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!