Morboria konpainia madrildarrak 'El Avaro' aurkeztuko du Elorrion

Aritz Maldonado 2022ko api. 8a, 10:43

Morboria antzerki konpainia madrildarrak ia lau hamarkadako ibilbidea du antzerkigintzan. Moliére legez ezagunagoa den Jean Baptiste Poquelín artista handiaren omenez, El Avaro komedia ezaguna moldatu dute, artista ezagunaren jaiotzaren 400. urteurrenean.

Ia ordu biko antzezlanean, ikusleari barre artean hausnartzeko gonbita egingo diote. Orain lau mendeko istorioa izan arren, gaur egunean ere bikain ulertuko ditu ikusleak pasarte batzuk, eta ezagunak ere egingo zaizkio. Obrako protagonista, Harpagon jauna, despota zekena da, paranoikoa, eta inogaz ere ez da fio. Etxean duen dirutza ez darama bankura, eta horrek bertako giroa itogarri egiten du. Flecha eta Frogina pertsonaiek, ostera, maitasuna eta zentzua ekarriko dizkiote istorioari. 

Eva del Palaciok zuzendu du ikuskizuna, eta oholtzara antzeztera irteteko ere baliatu du aukera. Del Palacioz gainera, Fernando Aguadok, Virginia Sanchezek, Daniel Miguelañezek, Eduardo Tovarrek, Luna Aguadok, Ana Belen Serranok, Vicente Aguadok eta Trajano del Palaciok osatzen dute antzezle taldea. 

'Orkestra lurtarra', Elorrion
Bestalde, asteburuan Orkestra lurtarra animaziozko filma eskainiko dute Arriolan. Harkaitz Canoren izen bereko liburuan oinarrituta dago pelikula, eta musika talde baten gorabeherak kontatzen ditu. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute lana, eta bertan hainbat musikarik ere parte hartu dute; besteak beste, Broken Brothers Brass Bandeko haize sekzioak, Joserra Senperenak, Libe Garcia de Kortazarrek eta Lide Hernandok. Domekan izango da emanaldia, hilak 10, 17:00etan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!