Emakumeak ahalduntzeko bost tailer eskainiko dituzte Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2022ko api. 7a, 12:01

Apirilaren 28tik ekainaren 15era bitartean egingo dituzte tailerrak. 

Elorrioko Udaleko Berdintasun Sailak berriro ere jarriko ditu martxan emakumeak ahalduntzeko ikastaroak. Apirilaren 28tik ekainaren 15era bitartean emakumeei zuzendutako 5 tailer eskainiko dituzte: feminismo eskola, etxeko lanari edo zaintzari buruzko elkarrizketa batean jakin behar dena, oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzea, hilekoa? zer da hori? eta perreo feminista. 

Gainera, aurten ikasturtea ekainaren 17an amaituko da eta elkar ikusteko eta esperientziak partekatzeko helburuarekin ahalduntze-eskolatik igaro diren ikasleekin topaketa ludikoa egingo dute. 

“2011. urtean hasi zen emakumeen ahalduntzerako eta berdintasunerako ekimenetarako prestakuntza-programa hori. Ordutik 700 matrikula baino gehiago izan ditu, 60 ikastaro inguru, eta gogobetetasun handia erakusten duten balorazioak. Herrian jadanik finkatuta dagoen programa da, eta udaberri eta udazken bakoitzean errepikatzen da. Aurreko edizioetan bezala, ikuspegi feminista duten ikastaroak programatu ditugu, adin guztietako emakume- kolektiboei zuzenduta, berdintasunerako eta ahalduntzerako bidean beharrezkoak diren ezagutzak eta tresnak lortzeko”, adierazi du Alazne Mendizabal zinegotziak. 

Ikastaroetan parte hartu gura duten emakumeek aldez aurretik eman beharko dute izena berdintasuna@elorrio.eus webgunera idatzita, 94 657 08 09 telefono zenbakira deituta edo udaletxera joanda. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!