Kafe hondarretatik ostra-perretxikoak erne dira Elorrioko Lourdesko Ama Ikastetxean

Maialen Zuazubiskar 2022ko api. 5a, 11:13

Lourdesko Ama Ikastetxeko ikasleak Xelai tabernan

Askok eta askok zaborretara botatzen duten kafe hondarra altxorra bihurtu da  Lourdesko Ama Ikastetxeko ikasleentzat.

Elorrioko ikastetxean, urteak daramatzate Txoko Berdea proiektua lantzen, eta, aurten, Betsaidek emandako diru laguntza bati eskerrak Funghi Thinking proiektua aurrera eraman dute, Funghi Thinking-eko Egoitz Etxeandia  koordinatzaileagaz batera.

Proiektuaren prozesua
Proiektu honi eskerrak, kafe hondakinetatik ostra-perretxikoak erne dira Elorrion. Herriko hainbat tabernetara joan, kafe hondakinak jaso, eta LH5eko ikasleek prozesuari hasiera eman zioten. Kafe hondarra lastoagaz eta mizelioagaz nahastu eta poltsetan sartu zuten. Poltsa horiek ilunetan izan dituzte lau-bost astean, hezetasun eta tenperatura jakin batean, eta behin poltsak guztiz zurituta, argitara atera eta egunero ureztatu dute barrukoa. Joan zen astean eman zioten amaiera zikloari, ikastetxean ernetako ostra-perretxikoak Xelai tabernara eramanda. Kafe hondarrak emandako tabernetariko bat da Xelai. Parra, Portalekua eta Bikale tabernek ere eman diete kafe hondarra Lourdesko Ama Ikastetxekoei.

Ikastetxekoek jakinarazi dutenez, hondakintzat hartzen dituzten hainbat gauzak berrerabilpena izan dezaketela ikusi dute prozesu honi eskerrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!