[ARGAZKI GALERIA]: Bonbardaketako biktimak gogoan izan dituzte gaur Elorrion

Anboto 2022ko mar. 31a, 13:03

1937ko martxoaren 31n, Durangoz gainera, italiarrek Elorrio ere bonbardatu zuten, 8:30 inguruan. 1937an Aviazone Legionariako 213 zenbakidun eskuadrilla faxistak Elorrion egindako bonbardaketaren 85. urteurrena dela eta, Memoria Historikoaren Laumunarrieta 1937 Elkarteak, Elorrioko Udalagaz lankidetzan, ekitaldia egin du herrian.

Parrokiako kanpaiak jo dituzte eta, horren ondoren, frankismoaren errepresioaren ondorioz hildako, zauritutako eta jazarritako herritar zibilen omenezko lore eskaintza egin dute.

Laumunarrieta elkartekoek adierazi dute Elorrioko Memoria Historikoa lantzen jarraituko dutela. Batetik, 1936-1939 Memoria Historikoaren ibilbidea landuko dute, eta, bestetik, 1936ko gerrari buruzko informazio panelak ipiniko dituzte. Horrez gainera, gerra osteko diktadurako, hau da, 1945etik 1975era arteko mugimendu kultural, sindikal eta politikoari buruzko informazioa eta grabazioak biltzen dabiltzala azaldu dute. Eta herritarrei dei egin diete horretan laguntzeko. Horri buruzko informazioa eta testigantzak dituenak laumunaelorrio@gmail.com helbidera idatzita lagundu dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!