“Disko berrian betiko stoner doinuez gainera, elementu berriak ere badira”

Aritz Maldonado 2022ko mar. 25a, 20:00

Oier Arregi

Rodeo talde zestoarrak 'Moira' diskoa kaleratu du martxoan. Pozik daude emaitzagaz, eta gogotsu jendaurrean aurkezteko. Etxeko sinadura daramaten stoner doinu pisutsuei bestelako doinu esperimentalagoak gehitu dizkiete oraingoan.

'Moira' martxoan kaleratu duzue. Pozik zaudete harreragaz?
Pertsonalki, oso gustura gaude diskoaren emaitzarekin. Jarraitzaileen aldetik ere feedback ona jaso dugu eta balorazioa positiboa da.

Urrian bigarren disko bat ere kaleratuko duzue. Badute loturarik?
Disko bikoitza da, bai. Lehenengo urtean atera genituen Prometheo singleekin batera, osotasun bat lortuko dute bi lanek, musikalki zein kontzeptualki. Prometheoren istorioa lan osoa zeharkatzen duen metafora bezala harturik, Moirak, gaur egun bizi dugun egoeratik abiatuz, gure Prometheoren sorrera kontatzen du. Hurrengo diskoak berriro ere bere ibilbidea kontatuko du. Esan dezakegu bi diskoak Prometheoren prekuela eta sekuela modura funtzionatuko dutela, hurrenez hurren.

Karlos Osinaga 'Txap'-ek egin ditu ekoizle lanak. Nolatan aukeraketa hori? Pozik zaudete emaitzagaz? 'Tartaro' abestian ahotsak sartu ditu.
2020an Ezherrian lan laburra Bonberenea Ekintzak-ekin elkarlanean atera genuen, eta hortik etorri zen Karlos Osinagarekin grabatzeko ideia. Gure 'konfort' zonatik irtetea (etxean grabatzearen segurtasuna), soinu ezberdin bat aurkitzea eta guretzat berria den produktore batekin lan egitea izan dira besteak beste bertan grabatzearen arrazoiak. Azken finean, orain arteko lan guztiak Zestoan bertan Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean egin ostean, erronka itzela izan da esperientzia berri hau. Esperientzia bikaina izan dela esan dezakegu, eta etxean bezala sentitu gara uneoro. Agian Tartaro abestia Rodeoren historian bere estilora gehien hurbiltzen den kanta dela ikusita, aproposa iruditu zitzaigun 'Txap'-en ukitu bat sartzeko. Grabaketa prozesuan bertan era naturalean irten zen ideia hori. Zati hori instrumentala zenean ere garbi zegoen estilo horretako ahotsen bat sartu behar genuela, errezitatuz, eta oso gustura geratu gara emaitzarekin.

'Krinein' abestian txistua sartu duzue. Nolatan?
Abesti hau oso berezia da guretzat. Diskoa amaitzeko eginiko kanta da Krinein, ia zortzi minutukoa. Ortzik txistua jotzen dakienez, askotan komentatu izan dugu egunen batean txistua sartu behar genuela abestiren batean. Broma modura hasi zen, baina abestiari forma ematen ari ginela probatzen hasi ginen, eta ongi geratzen zela ikusi genuen. Momentu berezia eta epikoa dela esan genezake.

2014an sortu zen taldea eta ordutik soinu propio bat garatu duzuela esango nuke, stonerra hari nagusi lez hartuta, baina bestelako elementuekin jolasean ere bai. Zelako garapena igarri duzue?
Egia esan, garapen naturala izan dela esan dezakegu. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta musika asko partekatzen dugu. Gure gustu musikala ere garatzen doan neurrian, konposatzerako orduan ere, entzuten eta gustatzen zaigun musikara hurbiltzen gara, era naturalean. Disko hauetan, betiko stoner estiloaz gainera, elementu berriak ere badirela esan genezake, behin emaitzan entzun ondoren post-punk eta post-hardcore nahiz psikodelia modernoaren zenbait zantzu, esaterako.

Zuzenean asko aritzekoak zarete. Gogotsu zaudete disko hau(ek) zuzenean aurkezteko?
Bai, egia esan, oso gogotsu eta ilusioz eman diogu hasiera aurkezpen bira honi eta dagoeneko kontzertu sorta bat lotua dugu. Bigarren diskoari dagokionez, urrian hasiko gara aurkezpen kontzertuekin.

Elorrioko emanaldian zer ikusiko du bertaratzen denak?
Kontzertuaren zatirik handienean, Moira diskoko kantak joko ditugu, baina kanta zaharrak ere ez dira faltako. Disko hau prestatzen eman dugun denbora guztiaren ondoren, gogotsu gaude emaitza jendaurrean aurkezteko, eta dena ematen saiatuko gara. Ez hutsik egin!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!