"Txoko berria zabaldu dugunean jendea gogotsu ikusi dugu"

Anboto 2022ko mar. 19a, 10:20

Ortuburu elkarte gastronomikoa 2009an sortu zuten, eta, iaz arte, bazkideek Urkizuaran kalean izan dute elkartzeko lekua, alokairuan. 2017an martxan hasitako proiektuaren emaitza da egoitza berria. ANBOTOk Idoia Solozabal (Elorrio, 1962) eta Joseba Markos (Elorrio, 1975) bazkideekin hitz egin du. 

Bost urteren ondoren, baduzue elkarte berria. Zerk eraman zintuzten proiektu berri honetara?
Idoia: Urteetako esperientzia oso ona  ikusita, pauso berri bat emateko aukera genuela ikusi genuen, gure lokal propioa lortzeko aukera. Geurea izango zen lekua eduki gura genuen, gustura egoteko, lagun arteko giroan.

Zenbat bazkide zarete?
Joseba: Bazkide mota bi daude elkartean. Batetik, bazkide arruntak gaude, eta, bestetik, familia bazkideak daude. Euskal Herrian lehenengoetarikoak izan ginen aukera hori zabaltzen: hau da, bazkide arrunten seme-alabek (18-27urtera arte) eta bikotekideak ere badute aukera elkarteko bazkide izateko, zuzendaritzak hala onartuz gero. Elkartea sortu zenean beharrezkoa ikusi zen aukera hori ematea. Horiek kuota baxuagoa ordaintzen dute. Guztira, 65 bazkide gara Ortuburu elkartean. Oso pozik gaude.

Zein da erronka etapa berri honetan?
Joseba: Gustura sentitzea ahalbidetzen duen bazkide kopurua lortzea da helburua. Gaur egun badugu lekua bazkide gehiago batzeko, eta onartzen diren guztiak ongietorriak izango dira. Bazkide izan gura duenak elkarteko bazkide bategaz kontaktuan ipini behar du, eskari ofiziala egiteko. Eskari hori onartu egin behar dute batzar orokorrean, eta gero ekarpena egingo da.

Txoko eta elkarte gastronomikoak tradizioa izan dira beti Elorrion.
Idoia: Bai, sei elkarte daude eta pisu handia dute herrian. Ortuburu da gazteena. Elorriar asko daude elkarteetan batuta, eta herrian antolaturiko ekitaldietan parte hartzen dute. Guk ere ildo horretan jarraitu gura dugu, herrian antolaturiko ekitaldietan parte hartuta.

Zein ekarpen ditu txoko edo elkarte baten bazkide egiteak?
Joseba: Giro lasai batean jendeagaz elkartzeko aukera ematen du. Bazkaltzeko, afaltzeko eta denbora elkarregaz partekatzeko, eta herrian ekintzak planteatzeko aukera ere bai. Bakoitzaren grina edo zaletasuna asetzeko modua da.
Idoia:Hori da! Etxean kozinatu ezin duzun jateko berezi hori prestatzeko leku aproposa da elkartea.

Gustatzen zaizue sukaldean esperimentatzea?
Idoia: Bai. Gainera, taldetxoa elkartzen gara kozinatzeko. Gehienetan denon artean prestatzen dugu jatekoa eta giro polita sortzen da. 
Joseba: Bai, beste kontu bat da horretarako abilezia izatea. Albokoak zer eta zelan kozinatzen duen ikusita ikasten dugu txokoan, hurrengoan norberak kozinatzeko, lagunentzat zein familiakoentzat. Saiatua izanez gero ikasi daiteke, baina ez horretan oso abilak garelako; ni neu ez behintzat!

Zein da gehien gustatzen zaizuen platera, jateko zein kozinatzeko?
Idoia: Niri antxumea.
Joseba: Ez dut plater berezi bat, ez jateko ez kozinatzeko. Jateko, denerik gustatzen zait, baina gauza gutxi dakit prestatzen.

Euskaldunok mahai baten bueltan hartzen ei ditugu erabaki garrantzitsuak.
Joseba: Erabakitzeko, eta ospatzeko ere bai. Ez dago bazkaririk bako ospakizunik. Ortuburun, erabaki baino gehiago, ospatu egiten dugu.
Idoia: Lagun arteko giro lasaian erabaki orekatuagoak hartzen dira.

Badu etorkizunik txokoetan elkartzeko ohiturak?
Joseba: Txoko berria zabaldu dugunean jendea gogotsu ikusi dugu, bazkaria antolatzeko, bere lekua izateko. Pandemiaren aurreko egoerara bueltatzeko gogoa dago. Eta baditugu seme-alabak bazkide direnak, etorkizuneko bazkide posibleak, badago harrobia. 
Idoia: Etxetik irten eta lagun artean batzeko ilusioa indartu du pandemiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!