Martxoak 8

“Neskon artean konfiantza sortzeko gune aproposa da taldea”

Maialen Zuazubiskar 2022ko mar. 1a, 09:50

Azken urtean, neska gazteen pare bat talde loratu dira Durangaldean, eta olatu horren indarragaz hirugarren bat ere sortu da eskualdean. Kasu honetan, Elorrion. Elorrioko neska gazteak gogotsu datoz eta herriko emakume gazteak saretzea eta babesgune izatea dute helburu, besteak beste.

Elorrioko neska gazteen taldea aurkeztu berri duzue. Zein da taldearen asmoa?
Ixone Mendizabal: Neska gazteen taldeak Euskal Herriko neska gazteen taldeari erreferentzia bat ematen dio. Neska garen aldetik jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egitea eta gaztetasunetik gure ikuspuntua ematea du helburu taldeak.

Zergaitik erabaki duzue Elorrion neska gazteen talde bat sortzea? Horretarako beharrizanen bat zegoela sentitu duzue?
Jone Urizarbarrena: Udan hainbat eraso egon zen herrian, eta Elorrioko neskok bilera ireki bat egin genuen. Berrogei bat neska gazte batu ginen eta ikusi genuen Elorrion bazegoela gogoa neska gazte talde bat sortzeko. Baina, gero, bata zela edo bestea zela, alde batera utzi genuen eta ez genion jarraipenik eman.

Orain, ostera, taldea sortzeko eta taldeari forma bat emateko aukera aproposa dela erabaki dugu.

Neska gazte diozuenean, nori zuzenduta dago?
Alaitz Gallastegi: Egia esan, oraingoz ez dugu ezer ere  finkatu.
I. M.: Ez dut uste adin finko bategaz lotuta dagoenik. Gazte berbak berak daukan subjektibitate horrek duen erreferentzialtasun bategaz baino.
A. G.: Azken batean, giro batean biltzen garen neskok batu gura dugula esango nuke, antzeko interesa dugun herriko neskok.

Azken bolada honetan, neska gazte feministen hainbat talde sortu da eskualdean, tartean Iurretan eta Abadiñon. Izan duzue eurekin hartu-emanik zuen taldea sortzerako orduan?
I. M.: Bai, badugu hartu-emana. Ekainean egindako Durangaldeko Biribilketa feminista horretatik dator hartu-eman hori. Guk ez genuen talde modura parte hartu, baina bai maila pertsonalean, eta hortik hartu-eman batzuk sortu ziren. 
A. G.: Biribilketan ikusi zen herriko talde horiek zelako indarra duten, zelan babesten diren euren artean eta zelako konfiantza duten. Euren herrietan euren ahotsa entzunarazi dute eta geroago eta leku gehiagotan erakusten dute euren burua. Horrek gogoa eta bultzada ematen ditu norbere herrian ere neska gazteekin batzeko, konfiantza hori izateko eta elkarren artean babesteko.
J. U.: Gainera, orain, taldearen sorreran, euren babesa eta laguntza izan ditugu. Barikuan, taldearen aurkezpena izan genuen eta herri batzuetako neskak bertaratu ziren. Euren esperientziak kontatu zizkiguten: zelan sortu zuten euren taldea, zelakoa den...

Beste taldeen hastapenak ezagutzea lagungarria izango da.
I. M.: Oso lagungarria, eta motibagarria ere bai. Azken batean, gu taldea sortzen gabiltza eta euren testigantzak garrantzitsuak izan ziren. Taldeak gorakadak eta beherakadak izango dituela esan ziguten, eta hori normala dela, talde guztietan gertatzen dela, baina eskualdeko marko hori beti egongo dela hor, indar bategaz edo besteagaz.

Gurea, momentu honetan, talde txikia da eta badakigu hasierak beti direla apur bat gogorrak. Baina deialdia zabala da eta Elorrioko neska gazteek sentitu behar dute eurek ere parte hartu behar dutela.

Zergaitik animatuko zenituzkete herriko neskak taldearen parte izatera?
J. U.: Herriko neskon artean saretze bat eman eta konfiantza sortzeko gune aproposa delako.
A. G.: Baita interes komunak ikusteko, gure artean interesekoak diren gaiak lantzeko eta formakuntzak egin ahal izateko ere, besteak beste.
I. M.: Eta baita datorren olatu feminista honetara batzeko ere. Olatu hori badator Elorriora ere, eta neska gazteon ahotsa entzutera heltzeko prozesu honetan eurek ere horren parte izateko gune aproposa da taldea.

Talde modura, baduzue ekintzarik prestatuta?
J. U.: Autodefentsa feminista tailer bat lotzen ahalegintzen gabiltza, baita buruberoki tailer bat ere.
I. M.: Eta Martxoak 8ari begira, indar pilaketa bat lotzea da gure asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!