Elorrioko Gaztetxearen 34. urteurrena mozorrotuta ospatuko dute

Maialen Zuazubiskar 2022ko ots. 25a, 10:00
Artxiboko irudia.

'Herri bat gaztetxe bat'. Herriko hainbat gaztek lelo horregaz zabaldu zuten Gaztetxea Elorrion, 1988ko urtarrilean, Iturri eraikina okupatuta. Herriko hainbat taldek hartu zuten lekua Iturrin. Handik gutxira, udalagaz obretarako akordio batera heldu arren, aurrerantzean autogestioan sakondu zuten.

Harrezkero, hainbat belaunaldi igaro da gaztetxetik, eta asteburuan gaztetxearen 34. urteurrena ospatuko dute. Egitarau zabala antolatu dute horretarako. Zapatuan, 10:00etan emango diote hasiera egunari, errugbian jokatuta, tag errugbia modalitatean. Horren ondoren, haurrentzako jokoak egongo dira elizpean, eta 13:30ean trikipoteoa, gaztetxetik hasita. 14:45ean omenaldia egingo dute San Josen, eta 15:00etan bazkaltzeko batuko dira.

Arratsaldean, bertsolariak egongo dira gaztetxean: Bittor Altube eta Gorka Pagonabarraga. Gero, Tribute to Piperrak taldearen kontzertua egongo da. 20:00etan afaria emango dute gaztetxean bertan, eta 22:30ean Iheskide, Mudo Selektah, The Lio eta Dj Via Crucix taldeen kontzertuak egongo dira. Domekan emango diote amaiera urteurrenari, 8:00etan, gaupasa egindakoek argazkia aterata.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!