Etxeko eta zaintza lanetan diharduen pertsonei eta horiek kontratatzen dituztenei zuzendutako zerbitzua da, doan ematen dena. Alazne Mendizabal Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez. “Iaz jarri genuen martxan proiektua, zainketen arloan lan egiten duten emakumeei eta horiek kontratatzen dituzten pertsonei aholkuak emango zizkien lankidetza-sarea sortzeko helburuarekin. Zerbitzuak izan duen harrera ona izan denez eta eskaria horren handia, zerbitzua berriz ematen hastea eta finkatzea erabaki dugu”,
2021eko maiatzean ipini zuten martxan zerbitzua lehen aldiz, "proiektu pilotu" moduan Elorrion. Sei hilabetez eskaini zen eta 35 kontsulta ebatzi zituzten, udal arduradunek azaldu dutenez. Arreta-ibilbide pertsonalizatuekin, eta etxeko laneko eskubideekin erlazionatutako izapideak egiten lagundu zuten, etxeko laneko kontratazioekin edota enplegu-bilaketagaz lotutako zalantzak argitu zituzten, eta, atzerritartasunagaz eta bizilekuaren ondoriozko nazionalitateagaz lotutako kontsultak izan zituzten. Ziurtagiri digitalak eskuratzen eta horiek erabiltzen ere lagundu zuten.
HIlabete bakoitzeko lehenego barikuetan emango da zerbitzua aurrez aurre, 10:00etatik 15:00etara, udalaren gizarte zerbitzuen sailean. WhatsApp bidez ere ematen da zerbitzua modu iraunkorrean, 605 92 71 92 telefono zenbakiaren bitarteaz, eta asesoria@mujeresconvoz.com helbide elektronikora idazteko aukera ere badago.