22. tantora heltzeko asmoagaz aurkeztu dute 22. Korrika Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2022ko ots. 10a, 11:10

Urtebeteko atzerapenagaz bada ere, badator 22. Korrika, 22. tantoa egiteko asmoagaz. Horrela aurkeztu zuten atzo Elorrion, Iturri Kultur Etxean egindako aurkezpen ekitaldian. "22. Korrikan 22. tantoa egin behar dugu, ezinbestean. Orain egiten ez badugu, atzerapauso bat emateko arriskua daukagu", adierazi zuen eguazten arratsaldeko aurkezpen ekitaldian Mertxe Mugika AEKko kideak.

Aurkezpen ekitaldian, 22. Korrikan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuen Mugikak "eta, zelan ez, behin Korrikan parte hartuta euskaraz parte hartzea".

Gainera, AEK-ko kideak jakinarazi zuen aukera asko dagoela Korrikan parte hartzeko: kilometroa, petoak zein Korrikako arropa erosita. Dagoeneko materiala euskaltegian dagoela azaldu zuen.

Jesus Guridi Elorrioko Udaleko zinegotziak adierazi zuen Elorriok bat egiten duela Korrikagaz, ekitaldiaren leloagaz eta Korrikak bultzatzen duen berba bakoitzagaz. "Lozorroan daramatzagu azken hiru urteak, aktibatzeko ordua da. Edo aktibatzen gara edo gureak egin du. Rock & Roll apur bat jotzeko ordua da", jarraitu zuen Guridik.

Bestalde, "edo denok batera" egiten dugula edo bestela "nekez egingo" dugula aurrera gaineratu zuen Mugikak. Horregaitik, 22. Korrikan parte hartzeko deia egin zieten elorriarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!