Saltoki berrien irekiera eta ekintzailetza bultzatzeko 15.000 euro bideratuko ditu Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2022ko ots. 2a, 11:08

Herriko saltoki txikiak suspertzen jarraitzeko asmoarekin, Elorrioko Udalak 15.000 euroko partida ekonomikoa onartu du, bigarren urtez. Udaletik azaldu dutenez, ekintzaileak eta belaunaldien arteko errelebua sustatzeko eta babesteko laguntza programa da.  Interesatuek urte guztia izango dute eskaera egiteko.

Bigarren urtez emango du diru laguntza hau Elorrioko Udalak. Iaz esaterako, laguntza hau herrian zabaldutako lau saltokik jaso zuten, baita errelebo aldaketa eman zen beste bik ere. “Oso positiboa da 2021ean, urte zailean, sei saltokik pertsiana ireki izana edo irekita mantendu izana Elorrion belaunaldi berriei bidea emateko. Hutsik dauden merkataritzako lokalak hartuko dituzten denda eta negozio berriak irekitzen, eta tokiko merkataritza txikiaren funtsa sustatzen jarraitu gura dugu”, adierazi du Maria Herrero alkateorde eta Gizarte Politiketako zinegotziak.

Bestalde, alkateordeak nabarmendu du udalak herriko saltoki txikiak "zaintzen eta horien aldeko apustua" egiten jarraituko duela, eta beraien esku dagoen guztia egingo dutela egunetik egunera sektore ekonomiko horrek Elorrion hazten jarrai dezan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!