Elorrion, 80 urtetik gorako 506 pertsona daude, 2020. urteko daten arabera. Eguneko Zentroa erdibidea da Zahar Egoitzaren eta Pertsona Autonomoaren artean. Horri esker, pertsona nagusiei ematen zaien laguntzaz eta elkar bizitzaz aparte, senitartekoei atseden eta lasaitu handia eskaintzen zaie era berean. Horregatik da garrantzitsua Eguneko Zentroa herrian izatea. Pandemiak agerian utzi ditu adinekoei buruzko arretaren zulo beltza eta konponbidea emateko premia larria.
Udaleko osoko bilkuran mozioa onartu zen EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen baietzarekin eta EAJren abstentzioarekin. Jakin nahi genuke baita ere Elorrion zenbat pertsona dauden laguntza behar dutenak bizitza autonomoa egin ahal izateko. Beraz, Bizkaiko Aldundiari eta bera kudeatzen duen EAJri eskaera egiten diegu, Elorriok premiazko duen Eguneko Zentroa martxan jar dezan. Jar dezagun gure nagusien zaintza eta bizitza lehen lerroan. Horren adierazle dira abenduaren 17an eta 18an herrian jaso genituen 1.150 sinadurak. Aldundiaren arabera aski da Durangoko Eguneko Zentroarekin, baina hori kriterio ekonomizista hutsa da eta ez premiazko eta oinarrizko beharrei aurre egiteko. Begira bestela ingurura, Elgeta, Bergara, Arrasate, Eibar, Soraluzera. Horietan guztietan badago Eguneko Zentroa. Elorrion zergatik ez? Alderdi guztien programan agertzen zen Eguneko Zentroa. Bada garaia Bizkaiko Aldundiak eskaera hori gauzatu dezan.
Oharra: Mendekotasuna duten pertsonak dituzuen familiak jarri gurekin kontaktuan nahi baduzue, astelehenero 12:00etan plazan gaituzue.
Elorrioko Pentsionistak Mugimendua