Elorrion Eguneko Zentroa jartzeko eskaria atzera bota du Bizkaiko Foru Aldundiak

Anboto 2021ko eka. 9a, 13:45

Elorrioko Udalak jakitera eman du herrian eguneko zentroa izateko lanean jarraituko dutela. 

Elorrioko Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiari Elorrion eguneko zentro baten beharra dagoela plazaratu dio sarritan, eta Aldundiak "azken eskaria ere" atzera bota dutela jakitera eman dute. "Eskari historikoa da, aurreko legegintzalditik eskatzen ari gara. Gobernu taldekook argi daukagu horrelako zerbitzuak Durangon zentralizatzeak ez digula batere mesederik egiten, eta ziur gaude Elorrion eguneko zentro bat egotea familia askorentzat soluzioa izan daitekeela. Baina Aldundiaren jarrera negatiboa da oraindik ere. Hala ere, lanean jarraituko dugu", azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Udalaren hitzetan, Aldundiak dagoeneko zerbitzua Durangon bermatuta dagoelako bota du atzera. Baina udalaren ustez, dena Durangon zentralizatzea "arazo bat" da elorriarrentzat, "tartean, lekualdetak daude eta". Horrez gain, prezioa ere arazo bat dela esan dute. "Aldundiak berak ezartzen ditu koordinaketaren baldintzak, prezioak eta denentzat eskuragarri egongo den kalitatezko zerbitzua eskaitzea. Beraz, borondate politiko kontua dela uste dugu, izan ere, Gizarte Ekintzako diputatuak argi utzi digu: ez da eguneko zentrorik egongo Elorrion", azaldu du alkateak. Hala ere, herrian eguneko zentroa izateko lanean jarraituko dutela nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!