Elorrioko Udalak bat egin zuen pentsiodunen elkarteak egindako eskaerarekin eta zerbitzu hori Elorrion izateko udal-titulartasuneko edozein eraikin eskaini dio Bizkaiko Foru Aldundiari. "Gure iritziz, sinadura kopuru handi hori aurkezteak indartu egiten du Elorriok eguneko zentroa izan dezan udala egiten ari den lana. Udalak eskertu egiten du herritar talde horrek egindako lana", adierazi du ohar bidez Idoia Buruaga alkateak.
Eskaera hau, eskaera historikoa da Elorrion. Udalak prentsa ohar bidez gogorarazi duenez, 2015-2019 legegintzaldian, gobernu taldeak Elorrion eguneko zentro bat ahalbidetzeko lan egin zuen, eta birritan bildu zen orduko Gizarte Ekintzako diputatuarekin. "Jaso genuen erantzuna ezezkoa izan zen", azaldu dute gobernu taldetik.
2021ean, berriz, Elorrioko Udalak bilera eskatu zuen Gizarte Ekintzako diputatuarekin, eta bilera horretan Elorriok eguneko zentro bat izatea "behar legitimoa" zela jakinarazi zioten diputatuari. "Udalak ez duenez ez eskumenik ez gaitasun ekonomikorik hori egiteko, Aldundiari udal-titulartasunezko edozein eraikin eskaini genion. Baina berriro ezezkoa eman ziguten, zerbitzua Durangon bermatzen dela eta eskainitako 80 plazetatik erdiak bakarrik daudela argudiatuz", azaldu du gobernu taldeak.