“Ideia on bat izatea da gakoa, eta gero erakusleihoa betetzen joatea”

Aitziber Basauri 2022ko urt. 21a, 15:50

Bizkaiko merkatari elkarteak 240 erakusleihoren artean aukeratu du Bilboko Malda Bikes bizikleta dendarena. Iratxe Mediavillak (Elorrio, 1985) eta Zugaitz Ayusok (Itsasondo, 1979) 1.500 euroko saria irabazi dute, eta iaz zabalduriko negozioa ezagutarazteko aukera zabaldu zaie, nabarmendu  dutenez. Mediavilla zinemagilea da eta Ayusok bizi osoa darama bizikleta artean. "Ilusioz eta oso motibatuta" erabaki zuten Bilbon bizikleta-denda zabaltzea. Gainera, Elorrion bigarren denda bat zabaldu zuten iazko urte amaieran. Bizikletak konpondu ere egiten dituzte. Bizkaiko Merkataritza-ganberak antolaturiko lehiaketan ere hiru finalisten artean geratzea lortu du Elorrion bizi den bikoteak.

Bizkaiko erakusleihorik politena da zuena. Zorionak!
Iratxe Mediavilla: Hala diote! Eskerrik asko.
Zugaitz Ayuso: Sorpresa eta poz handia hartu ditugu. Esan behar dut Iratxerena izan dela meritu osoa.

Lehenengoz aurkeztu zarete?
I.M.: Bai, eta lehenengo saria lortu dugu! Datorren urtean gatx izango dugu; gainera, beste batzuei ere utzi behar zaie lekua. Bagenekien ondo geratu zela, baina ez genuen espero lehenengo saria lortzea. Erakusleihoak hamar metro ditu, handia da, eta horrek mesede egiten du batzuetan. Gabonei begira ondo dator, ideia on bat izanez gero. Baina ideia hori falta baduzu deskalabrua ere izan daiteke, asko bete behar da eta.

Lan handia eskatzen du erakusleiho bat atontzeak?
Z.A.: Iratxe zelan ibili den ikusita, ordu eta buruhauste asko eskatzen ditu. Dena antolatu, aldaketak egin...
I.M.: Ideia on bat izatea da gakoa, eta gero erakusleihoa betetzen joatea. Adibidez, Gabonetan, gabon giro hori islatzeagaz batera gure produktua saltzea lortu behar da. Ez da erraza izaten. Mari Domingik gidaturiko gurdian bizikletak ipini genituen tiraka eraskusleihoan.
Z.A.: Eta Olentzero bizikleta tailer batean lanean irudikatu genuen. Opariak, jostailuak... prestatzen.

Zerk egin du berezi zuen erakusleihoa?
I.M.: Ideia originala izatea baloratu dutela uste dut, eta dena eskuz egindakoa izatea. Euskararen presentzia ere kontuan hartu zutela uste dugu. 'Maldan gora opariak banatzen' leloa ipini genuen. Olentzero eta Mari Domingi ez dira asko ageri Bilboko erakusleihoetan, eta ume asko erakarri dituzte. Dendatik gertu hiru ikastetxe daude eta umeak ia egunero etortzen ziren.
Z.A.: Batzuk Olentzerogaz berbetan aritzen ziren.

Zelako garrantzia du erakusleihoak?
Z.A.: Negozio batean denak du garrantzia, ondo lan egiteak batez ere, profesionala eta zuzena izatea. Horrela ez bada, erakusleiho polit batek ez du ezertarako ere balio. Baina neurria hartuz gero lagungarria da.
I.M.: Negozioan gabiltzanon nortasunaren isla dela esango nuke, eta  mimoz atontzen denean jendeak baloratu egiten du, eta eskertu ere bai. Hurbiltasuna ematen du.

Bizikleta bogan dago azkenaldian.
Z.A.: Bai, pandemian asko hasi dira bizikletan ibiltzen. Euretariko asko nazkatu ere egingo dira uneren batean, baina beste askok jarraitu egingo dute, eta hori ona da guretzat.

Bizikleta hartzeko hiru arrazoi?
Z.A.: Osasungarria dela gorputzerako zein bururako. Eta, zelan ez, guretzat oso ona delako! (barrez). Aitortu behar dut azken boladan alper samar nabilela ni.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!