Kurutziaga inguruan bidegurutze berria ala biribilgunea egiteko proiektuen artean aukeratu dezakete elorriarrek

Maialen Zuazubiskar 2022ko urt. 13a, 12:07

Urtarrilaren 19an bilera irekia egingo dute Arriolan. Urtarrilaren 20tik 31ra herritarrek beraien bozka emateko aukera izango dute. 

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Elorrioko Udalak Kurutziagako bidegurutzea berritzeko proiektua zehazteko prozesu parte-hartzailearen berri eman du. Bertan jakitera eman dutenez, trafiko-arazoei amaiera eman eta mugikortasun seguruagoa lortzeko asmoz, jarriko dute martxan prozesua. Hori horrela, elorriarrek dauden bi aukeren artean hautatzeko aukera izango dute: bidegurutze berritua edo biribilgunea.

“Azken urteetan zenbait jarduketa egiten ari gara Kurutziagako bidegurutzean, ingurua asfaltatzea, berriro margotzea edo seinaleak jartzea, besteak beste. Ikusita jarduketa horiek ez direla nahikoa, azken hilabeteetan bidegurutzea berrantolatzeko aukerak aztertzen aritu gara. Orain bi proposamen bideragarri ditugu, eta horiek aurkeztu eta herritarrekin kontrastatu gura ditugu, berriro ere, haien iritzia jakiteko, oso proiektu garrantzitsua baita gure herriarentzat”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Prentsaurrekoan Idoia Buruaga alkateak eta Maria Herrero alkateordeak azaldu dutenez, proiektu biek beraien abantaila eta desabantailak dituzte. Biribilguneak 951.613 euroko aurrekontua du eta honek arintasuna eta bide-segurtasuna hobetuko luke.

Bidegurutze berriak, berriz, espazio publiko gutxiago okupatuko luke eta oinezkoentzako espazio atseginagoa lortzen lagunduko luke. Hala ere, zirkulazioan argitasun gutxiago emango luke. Honen aurrekontua 678.402 eurokoa izango da. 

Prozesu parte-hartzailea
Bi proiektuetatik zein egin prozesu parte-hartzaile bidez aukeratuko da. Horretarako eta herritarren zalantzak argitzeko, urtarrilaren 19an bilera irekia egingo dute. 18:30ean izango da Arriolan. Ostean, urtarrilaren 20tik 31ra 16 urtetik gorako elorriarrek aukera izango dute beraien proiektu gustukoena aukeratzeko.  Bozka udaletxean zein Iturri Kultur Etxean jarritako edozein hautestontzitan eman daiteke. Baita webgunearen bidez ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!