“Argi dugu zer musika egin gura dugun, baina ezeri aterik itxi barik; melodiekin jolastea gustuko dugu”

Aritz Maldonado 2021ko abe. 2a, 13:56

Ainhoa Iraola

Lagunak eta musika proiektu kideak izan dira, urte askoan, Liher Larrañaga (gitarra eta ahotsa), Paul Urigoitia (gitarra), Lander Amorrortu (bateria) eta Pablo Garcia (baxua) elorriarrak. Proiektu berri bati ekin diote pandemia betean: Zeker. Euren lehenengo lanak punk rocka eta melodia itsaskorrak uztartzen ditu. Abenduaren 1ean kaleratu zuten eta Musika Zuzenean-en standean erosi daiteke. Liher Larrañagak diskoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Aspaldiko lagunak zarete eta aurretik ere elkarregaz jotakoak zarete. Zelan sortu zen taldea?
Paul, Lander eta hirurok Pixontxis taldean egon ginen, eta Pablok eta Paulek Txabolakumeaken ere elkarregaz jotzen zuten. Lagunak gara eta antzerako gustuak ditugu musikari dagokionez. Nik abesti batzuk konposatuta nituen eta zerbait berria egiteko gogoz genbiltzan. Bizitza erdi daramagu musikaren inguruan, badakigu zer egin gura dugun, eta, batez ere, ondo pasatzeko helburuagaz sortu dugu taldea.

Lehenengo entsegua Landerren etxean egin genuen. Sofak kendu eta bateria elektronikoagaz eta anplifikadore simulatuekin ordenagailuan jo genuen, bakoitza bere kaskoekin. Urtebete pasatu da ordutik. Gero, entsegu lokalak zabaldu zituzten eta lehenengoak izan ginen joaten.

Abestiek punk rocka dute oinarrian, baina melodiek ere badute protagonismo handia.
Agerikoa da urteotan izandako garapena. Lehenengo abestiak hamalau urtegaz idatzi nituen eta esaten dut 'zelako ona!', baina orain ez nituzke berdin egingo. Urte hauen guztien ostean, askoz ere musika gehiago entzun dugu, beste erreferentzia batzuk ditugu eta zer egin gura dugun ere argiago dugu. Guk argi dugu zer musika egin gura dugun, baina ezeri aterik itxi barik; melodiekin jolastea gustuko dugu, sortu ere horrela sortzen dugu eta. Punk rocka dute abestiek oinarrian, baina etiketa zabala da hori. Batez ere, jarrera aldetik definitzen gaitu punk rockak. Doinu aldetik, melodia aldetik zein hitzen aldetik, gura duguna egiten dugu, guretzat egiten dugulako. Horregaitik ere aukeratu dugu autoekoizpenaren bidea. Underground eszenan sinesten dugulako ere bai, azken urteetan apur bat baxuago nabaritzen dugun arren. Lehen, sei kilometroren bueltan lau kontzertu eskaini genitzakeen asteburu bitan.

Zeri buruzkoak dira abestietako berbak?
Nahikoa natural irten dute berbek. Neuk idatzi ditut gehienak eta oso modu pertsonalean idatzi ditut. Alde horretatik ere poztu naiz, ez dudalako jarrera itxia hartu. Orain arte idatzi izan dudanean, beharbada kanpora begira ea gustukoa izango zen ala ez pentsatu izan dut idazterakoan. Baina, oraingoan, esan gura nuena idatzi dut. Eta gustuko ez duenak aldatu dezala diskoa.

Berrizko Lorentzo estudioan grabatu duzue, Aitor Ariñogaz.
Sekulako gozatua izan da. Aitorrek hamarkadak daramatza lanean, eta etxetik hain gertu egonda, aukera itzela zen. Etxean lez sentitu gara, lokalean egongo bagina lez grabatu dugu. Ez dugu inolako presiorik eduki, asko ikasi dugu eta oso ondo pasatu dugu. Errepikatzeko moduko esperientzia izan da.

Taldea batzeko ere baliagarria izango zen.
Bai, gure kasuan taldea indartzeko baliagarria izan da. Nik eginda nituen grabazio profesionalak aurretik, baina gainerakoentzat lehenengo aldia izan da eta onuragarria izan da guztiontzat. Euskal Herriko musikagintzako disko garrantzitsu asko bertan grabatu da eta Aitorren moduko profesional bategaz etxean lez sentitzea itzela da. Nork ez ditu entzun Su ta Gar, EH Sukarra edo Extremoduro? Bertan grabaturikoak dira eta gaur egungo taldeak ere badabiltza bertan grabatzen, Perlata, adibidez. Anekdota modura, ni oso Su ta Gar zalea naiz, eta abeslaria, Aitor Gorosabel, estudiotik pasatu zen egun pare batean eta animoak eman zizkigun (barrez).

Gogotsu zaudete 'Zeker' zuzenean aurkezteko?
Egungo egoera deserosoa da, baina ea laster ailegatzen den zuzenean aurkezteko aukera. Helduko da momentua eta ondo pasatuko dugu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!