2022an Plan Orokorra idatzi eta berrikusteko 320.000 euro bideratuko ditu Elorrioko Udalak

Anboto 2021ko aza. 29a, 15:00

Elorrioko Udalak 2022ko udal aurrekontuak onartu zituen joan zen eguenean, EH Bilduren aldeko bozkagaz eta Herriaren Eskubidearen abstentziogaz. EAJk, berriz, aurrekontuen kontra bozkatu zuen.

Guztira 8.771.000 euroko aurrekontua onartu zuen Elorrioko Udalak, iazkoa baino %11 handiagoa. "Herritarrekin batera ibilbide orri berria prestatu dugu. Herritarren ongizatea lehenetsi dugu. Uste dugu herritarrak ardatz eta protagonista izan behar dutela, eta erabakitzeko eskubidea izan behar dutela. Amestutako Elorrio eraikitzen jarraituko dugunaren konbentzimendua dut. Lan gogorra dugu egiteko, baina bidean gara", adierazi zuen Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.

Gobernu taldeak jakitera eman zuenez, ez du aldatu bere ibilbide-orria, eta Elorrioren eta bertako herritarren ongizatea ardatz duten "eduki sozial handiko" aurrekontuen aldeko apustua egiten jarraitzeaz gain, 320.000 euroko partida ekonomikoa HAPO idazteko eta berrikusteko bideratuko du. 

EAJ kritiko agertu zen aurrekontuegaz eta kontra bozkatu zuen. "28 neurri edo proiektu proposatu doguz, egingarriak direnak eta kalean hartu ditugunak. Horrek ekarri ditugu udaletxera", azaldu zuen Mikel Arruabarrena EAJko bozeramaileak. Horrez gain, jeltzaleak gobernu taldeari leporatu zion "hauteskundeei begira proiektu handiak saltzen" ari direla eta gero ez dutela "hitza betetzen". "Inprobisazio asko eta gestio kaskarra du EH Bilduk", bukatu zuen Arruabarrenak.

Arruabarrenari erantzunez, Buruagak 28 proposamenetatik asko dagoeneko gobernu taldearen aurrekontuetan sartuta daudela erantzun zion. Bestalde, egindako kritika guztietan ez zela sartuko erantzun zion alkateak. "Hala ere, zu ez zara nota jarri behar diguna, herritarrak dira. Eta momentuz hiru legegintzalditan zerrenda bozkatuena izan gara, herritarrek hemen jarri gaituzte, alkatetzan, eta herria egiten". 

Bestalde, Elorrioko Herriaren Eskubideko kideak "pozik" agertu ziren onartutako aurrekontuekin. "Pozik gaude hiru partida berri irekitzea lortu dugulako", nabarmendu zuen Agustin Fernandez bozermaileak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!