Elorrioko Udalaren aurrekontua %11 handiagoa izango da 2022an

Anboto 2021ko aza. 22a, 13:12

Guztira 8.771.000 euro izango ditu udalak, datorren urtea kudeatzeko. Eguenean egitekoa den osoko bilkuran bozkatuko dituzte 2022rako aurrekontu orokorrak.

Elorrioko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, datorren urteko aurrekontua 8.771.806 eurokoa izango da. Hau da, aurtengoa baino %11,9 handiagoa. Udal gobernu taldeak jakinarazi du oposizioko taldeek eskuartean dituztela aurrekontu berriak, eta datorren egueneko osoko bilkuran onartuko balira, Elorrio litzatekeela 2022ko aurrekontuak onartzen dituen Durangaldeko lehenengo udalerria. 

Udalak azpimarratu duenez, "gizarte arloaren aldeko apustuari eusten dion proiektu ekonomikoa" izango da datorren urtekoa. Diru partida "garrantzitsuak" bideratuko dituzte  "gizarte politiketara, berdintasun politiketara, hezkuntzara, kirolera, saltoki txikien sustapenera eta euskarara". Bestalde, aurrekontuek barne hartuko duten bestelako proiektuak "HAPOaren berrikuspena, kaleen, hiri-altzarien eta argiztapenaren hobekuntza eta kiroldegia handitzeko proiektua idaztea" izango dira. Urbanizazio obrei dagokienez, esku hartzeak egingo dituzte San Pio eta Errebonbillo kaleetan, eta Kurutziagako bidegurutzean. Behin- behineko testuak San Juan eta Elizalde kaleen arteko bidegurutzea hobetzea ere jasotzen du. Idoia Buruaga alkatearen berbetan, udal gobernu taldeak "oposizioko taldeen erantzun positiboa" espero du, eta, "baita dokumentuari ekarpenak egitea ere". 

Aurkeztutako kontuak aurrera ateratzen badira, aurrekontuetako partidarik garrantzitsuenetako bat Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko erabiliko dela aurreratu du Elorrioko Udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!