"Beti eman gura izan dut urratsa ultretara, eta noizbait Hiru Haundiak proba egin gura nuke"

Joseba Derteano 2021ko aza. 19a, 13:00

Zutoia Odriozola Urkizaren (Elorrio, 1988) ibilbidea ikusita, distantzia labur-laburretik luzeagoetarako garapena ikusi daiteke. Atletismoan zebilenean abiadura lasterkaria zen; batez ere, 200 metroko proban lehiatzen zen. Gerora, atletismoa utzi eta mendiko maratoi erdietan aurkitu du gusturen dabilen distantzia. Etorkizunera begira, ostera, ultra distantziak probatzea gustatuko litzaioke.

Urduñakoa asko sufritu osteko garaipena izan ei zen.
Horrela da, bai. Azken egunotan ez naiz larregi entrenatu. Banekien 33 kilometroko proba, eta desnibel horretakoa [1.750 metro], gogorra egingo zitzaidala. Eta horrela izan zen. Hogeigarren kilometroraino oso ondo joan nintzen, baina azkenengo hamahiru kilometroetan asko sufritu nuen muskularki, eta baita orkatilengaitik ere. Izan ere, orain aste bi zaintiratu bat izan nuen Aramotz mendi lasterketan. Errekuperatuta nengoela uste nuen, baina ez. Denerik gertatu zitzaidan.

Zorionez, makalaldia heldu zenerako alde polita zeneraman bigarrenarekiko.
Bai, bakarrik nindoan eta alde hori nahikoa izan zen.

Hasieran topean irteten duzun horietarikoa zara?
Normalean, aurrean irtetea gustatzen zait, aurrekoekin erreferentzia bat izateko, baina Urduñako lasterketan ez neukan estrategia zehatzik. Horrelaxe irten zitzaidan.

Aramotzeko lasterketa aipatu duzu lehenago. Emakumeetan, Oihane Unzalu durangarrak irabazi zuen. Zelan joan zitzaizun lasterketa?
Oso ondo. Hirugarren amaitu nuen. Orkatila bihurritu nuela kenduta, egindako lanagaz gustura geratu nintzen.

Beraz, parte hartu duzun azkenengo lasterketa bietan podiumera igo zara. Lehenengoz horrelako bolada ona?
Lehenengoz ez, baina ez zait askotan gertatu eta pozik nago, bai.

Mendi lasterketetan hasi aurretik, atletismoan ibili zinen. Distantzia luzeetan aritzen zinen?
Ba, ez, justu kontrakoa. Esango dudanak gezurra dirudi, baina abiadura-lasterkaria nintzen: 100 eta 200 metroko probetan  ibiltzen nintzen, batez ere 200ekoetan. Unibertsitatean hasi nintzenean, ezin nuen denagaz eta atletismoa uztea erabaki nuen. Bidezabal taldean ibili nintzen eta horren aurretik Lauaxeta ikastolan.

Eta, gerora, atletismora bueltatu beharrean mendi lasterketetan hasi zinen. Zergaitik?
Ez daukat arrazoi zehatzik, baina ez nuen neure burua berriro atletismoan ikusten, besterik barik. Neure kabuz korrika egiten hasi nintzen eta denbora bat neramanean lasterketa bat probatzea erabaki nuen. Nire estreinaldia Sorginen Lasterketan izan zen, 2013 inguruan. Asko gustatu zitzaidan eta jarraitzea erabaki nuen. Urte batzuetan neure kabuz aritu nintzen, talderik barik. Urte batzuetan gehiagotan aritzen nintzen, eta beste batzuetan ez hainbeste. Entrenamenduetan eta horrelakoetan sekula ere ez naiz oso zorrotza izan neure buruagaz. Niretzat zaletasun bat da.

Zelan batu zinen Indarpak taldera?
Nire neba Indarpak taldean dabil eta berak animatu ninduen. Eta oso pozik nabil, giro bikaina dago. Nire senarra ere, Gorka Iraeta, taldean dago. Triatloiak-eta egiten ditu, eta sarritan beragaz entrenatzen naiz.

Triatloia lartxo izango da agian, baina pentsatu duzu duatloia probatzea?
Pentsatu dut, baina oraingoz ez naiz animatu. Bizikletan ibiltzen naiz, ez korrika beste, baina ibiltzen naiz.

Eroso sentitzen zaren maratoi erdiak baztertu barik, distantzia luzeagoak probatzea pentsatu duzu?
Beti eman gura izan dut urratsa ultretara eta noizbait Hiru Haundiak proba ere egin gura nuke. Buruan darabildan proba da. Baina, horretarako, gehiago entrenatu beharko nuke, mentalki hobeto prestatu… Ikusiko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!