Greziatik bueltatu berri zara. Zelako esperientzia izan da?
Han oso egoera gogorrak ikusi ditut, baina esperientzia modura oso ona izan da. Badakit apur bat kontraesankorra dena. Baina talde oso ona izan dugu eta errefuxiatuak eurak ere duten onenagaz etorri dira beti. Errepikatzeko moduko esperientzia izan da.
Zelan sortu zitzaizun hara joateko aukera?
Itsas Salbamendu Humanitario elkartea sare sozialen bitartez ezagutu nuen. Eurekin hartu-emanetan ipini nintzen; datak finkatu genituen, eta aurrera.
Zelan dago kanpamentua?
Momentu honetan, kanpamentuko egoera asko lasaitu da. Egon dira sasoiak kanpamentuan 7.000 lagun egon direna, eta orain 300 bat daude. Horrek erraztasunak ematen dizkigu lan egiterako orduan.
Greziako gobernua amaitutzat ematekotan dabil errefuxiatuen krisia. Orduan, ahalegina egiten dabiltza irletako kanpamentuak ahalik eta gehien husteko. Hortik dator errefuxiatuen kopurua gutxitu izana.
Hala ere, Kioseko kanpamentuaren egoera oso txarra da. Dena oso zikin dago, jendeak utzitako arrastoak daude, arratoi mordoa dago, eta baita katuak ere. Gainera, ez daukate edateko urik; litro biko ur botila bat ematen diete eguneko, eta horregaz pasatu behar dute egun osoa. Badute janaria, gobernuak ematen diena, baina, itxura denez, jatekoa txar-txarra da. Gobernuak dirua ere ematen die, 70na euro hile osoa pasatzeko, lehen baino 20 euro gutxiago. Egoera horretan aurrera egitea oso gogorra da.
Hala ere, denek diote orain jende gutxiago egonda, egoera hobea dela, behintzat lasaiagoa. Lehen horrenbeste jende egonda, hainbat herrialdetakoak, ghetto asko zegoen eta herrialdeen arteko iskanbilak sortzen ziren. Orain asko baretu da hori.
Errefuxiatuak Turkiatik heltzen dira irlara, ezta?
Bai. Kiosera heltzen diren errefuxiatu guztiak Turkiatik datoz, Turkian itsasoratzen dira. Hala ere, bakoitzaren bidaia mundu bat da. Batzuek zailtasunik bako bidaia izaten dute. Beste batzuek, ostera, oso bidaia gogorrak. Egon da igeri egiteko hegatsak eta flotagailu bat hartu eta igerian etorri denik.
Zuen elkarteak zer egiten du?
Lehen mailako arreta eskaintzen dugu. Eurak ate batera etortzen dira, poliziak kontrola egiten die eta guk triaje antzerako bat egiten diegu. Hor ikusten dugu ea guk artatu ditzakegun edo beste norabaitera bideratu behar ditugun. Askotan ospitalera bideratu behar izan ditugu, ditugun materialak edo baliabideak ez direlako beste munduko ezer. Horrek kontua asko luzatu dezake, eta inpotentzia handia sortzen du.
Asiloa lortu arte egoten dira han.
Bai, eta asiloa lortzea oso gatx dago orain. Lehen, kanpamentuko %85i ematen zitzaion asiloa, baina orain pilo bat zorroztu dute araudia eta %85i ez diote asilorik ematen. Beraz, hori ukatzen dietenean kanpamentutik irten behar izaten dute. Gainera, gobernuak ezin ditu hegazkin batean sartu eta euren herrialdera itzuli. Orduan, noraezean geratu, eta askok ihes egiten dute.