"Bihotzez eta pasioz jokatzea jokaldi bakoitza azkena balitz lez; horixe da nire filosofia"

Aritz Maldonado 2021ko urr. 30a, 10:20

Pertsona borrokalaria da Peio Tinoco Suarez (Elorrio, 1990). Inork ere ez dio ezer erregalatu. Urte askoan beheragoko mailetako nomada bat izan eta gero —Amorebieta, Lemoa, Galdakao, Berriz, Ermua, Zorrontzako, Elorrio…— 31 urtegaz Hirugarren Mailan aritzeko aukera sortu zaio Durangoko Kulturalari eskerrak. Orain arte, partidurik gehienetan parte hartu du, sarritan azken minutuetan zelairatu bada ere. Bere izaera gartsuagaz kutsatuta, aurrelari elorriarrak taldeari aurpegia aldatzea lortu du behin baino gehiagotan.

Itxaroten zenuen Durangoko Kulturalaren interesa?
Ez. Iaz denboraldi erdian bederatzi gol sartu nituen Elorriogaz, eta Ohorezko Mailako eskaintza asko jaso nuen denboraldi berriari begira; hamar bat talderenak. San Pedrogaz akordioa ia lotuta nuela, Kulturaletik deitu zidaten. A zer sorpresa! Gero, Hirugarren Mailako Uritarra eta Urduliz taldeetatik ere deitu zidaten, baina ez nuen entzun ere egin eskaintzarik. Erabakia hartuta nuen. Kulturala izen handiko eta tradizio luzeko taldea da.

Zelan doa Hirugarren Mailarako egokitzea?
Aldaketa handia da. Erritmoan asko igartzen da, fisikoki exigentea da, paseetan huts gutxiago egiten da… Baina pozik nago, taldekideen artean oso giro ona dago eta.

Partiduetako azken minutuetan baino ez bada ere, bazabiltza jokatzen. Pozik zaude orain arteko ekarpenagaz?
Pozik nago. Baina gehiago jokatzea gustatuko litzaidake, maila eman dezakedala ikusten dut eta. Hau da, fisiko aldetik eta erritmo aldetik ez dut ikusten aurkariak baino gutxiago naizenik. 

Partidu bitan titular aritu zara: Uritarraren eta Tolosaren kontra. Zelan ikusi zenuen zeure burua?
Oso gustura sentitu nintzen. Partidu biak etxetik kanpora izan ziren. Etxean titular jokatzeko desiratzen nago.

Taldeak defentsa lanean oinarritzen ditu garaipenak. Sei gol baino ez ditu jaso hamar partidutan. Gustura zaude jokatzeko eskema horretan?
Bai, gustatzen zait. Baina sarritan baloiari eusteko eskatzen didate  eta nire dohainik onena atzelariei bizkarra hartzea eta espazioetara abiaduran irtetea da, Elorrion egiten nuen moduan. Aurrez aurreko borroketan, baloiari eusteko jokaldi horietan, ez naiz hain ondo moldatzen. Baina, tira, nik beti ematen dut dena eskatzen didaten horretan.

Zein jokalari ezagunekin duzu antzekotasunik?
Ezequiel 'Chimi' Avilagaz, David Villagaz… tankera horretakoekin. Bihotzez eta pasioz jokatzea, jokaldi bakoitza azkena balitz lez, horixe da futboleko nire filosofia.

Jokalari bi horiek izan dira zure idoloak?
Ez. Txiki-txikitatik izan dudan idolo bakarra Julen Guerrero izan da. Futbola bizitzeko nire modua ondo islatzen duen beste jokalari bat da.

Zure filosofia agerian geratu zen Leioaren kontra, Tabiran. Taldea txarto zebilen. Bigarren zatian beste jokalari bat eta zu zelairatu, eta lehenengo lerroko presio hori ezinbestekoa izan zen partidua irabazteko.
Ondo gogoratzen dut, bai. Sarritan esan izan didate nire jokatzeko moduagaitik, dena emateko grina horregaitik, zaleak pizteko dohaina dudala. Eta grina hori taldera ere kutsatu daiteke. Horixe gertatu zen. Lehenengo lerroan presio egin nuen, taldekide guztiek lagundu zidaten, eta, azkenean, gola heldu zen. Euren atean sartu zuten gola.

Kulturala goiko postuetan dago, hirugarren. Maila horri eusteko moduko taldea duzuela uste duzu?
Baietz uste dut. Bloke indartsu bat dugu eta oinarriak sendoak dira. Ez dut epe luzera begiratu gura eta denok argi dugu mailari eustea dela helburu nagusia. Baina zelan lehiatzen garen ikusita, lehenengo seien artean geratzeko aukera ikusten dut. Gatx izango da. maila handiko taldeak daude eta.

Durangoko Kulturalagaz lehenengo gola sartzeagaz amets egiten duzu?
Egunero imajinatzen dut lehenengo gol hori. Irrikaz nago. Tabiran sartzea eta zaleekin ospatzea gustatuko litzaidake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!