“Karlisten arrazoiak euren ahotsetik agertzen dira nobelan, eta hori garrantzitsua dela uste dut”

Aritz Maldonado 2021ko urr. 24a, 10:30

Iñigo Bolinaga Irasuegi (1974) historialari elorriarrak 'Somos comunión' liburua kaleratu du oraintsu. 'Sinfonía guerrera' lehenengo eleberriagaz egin zuen moduan, Txertoa argitaletxeagaz kaleratu du hau ere. Liburuan, 1872ko Bizkaiko barrualdeko familia baten istorioa kontatzen du. Karlistekin bat egiteko arrazoiak aletuko ditu besteak beste, garaiko testuingurua azaltzeagaz batera.

Zer da 'Somos comunión'?
Eleberri historiko bat, abenturazkoa. Kronologikoki, azken gerra karlistan kokatzen da. Bizkaiko barrualdeko herri batean bizi den familia baten istorioa kontatzen du. Baserri batean bizi dira eta gerra hasten denean denek karlistekin bat zergaitik egiten duten azaltzen dut. Hemeretzigarren mendean landa eremuan bizi zirenei ahotsa eman gura izan diet, euren arrazoiak azaltzeko. Sarri, institutuetan eta historiografian absolutismoaren defendatzaile lez edo atzerakoi lez agertzen dira, baina, besteak beste, foruak defendatzea zen euren asmoa. Liberalismoak sistema berri bat ezarri gura zuen eta baserrian bizi zirenak ez zeuden eroso hor. Beraz, badu justizia historiko apur bat. Ados egon zintezke edo ez, baina euren arrazoiak euren ahotsetik agertzen dira nobelan, eta hori garrantzitsua dela uste dut.

Testuan narratzailea dago, orojakilea, baina beste batzuetan gauza bera pertsonaien ikuspuntutik kontatzen da. Horrek aberastasun gehiago ematen dio kontakizunari. Hain zuzen ere, protagonistek pasiotik berba egiten dutelako; nobela bat izateak erraztu egiten du hori, liburu historiko batean neutralagoa izan behar duzulako. Hainbat gai interesgarri jorratzen da bertan; gainera, depresioa agertzen da, lesbianismoa agertzen da, baina baita estatu karlista eraikitzeko eman ziren lehenengo urrats horiek ere. Horrez gainera, Oñatiko unibertsitatea, Loiolako santutegia eta halako guneak berriro ere zabaldu ziren. Euskal Herriko gaur egungo historia ezagutzeko, funtsezkoa da sasoi hori ezagutzea. Azken finean, momentu horretan amaitu zen Euskal Herriak eduki duen garairik luzeena, garai forala. Hortik aurrera, beste sasoi bat hasi zen eta sasoi hori giltzarria izan zen bien artean.

Bestalde, garai hark baditu beste ezaugarri batzuk ere. Kontuan hartu behar da sasoi hartako jendea oso katolikoa zela, eta hori oso nabaria zen gizartean. Ezkontzerakoan, adibidez, familiari begira, familia kontuan hartuta ezkondu behar zen.

Egiluztarrak dira protagonistak.
Hiru anaia eta arreba bat dira egiluztarrak. Pertsonaia bakoitzak ikuspuntu bat erakusten du. Bat karlisten taldera batzen da eta batailei buruz berba egiten du, bertako bizipenak erakusten ditu. Beste bat karlistekin ados dago, baserri giroko askoren moduan, baina beste ikuspuntu bat erakusten du; ez da hain ausarta eta ihes egiten ahalegintzen da. Beste batek parrokoagaz bat egiten du; karlistekin hartu-emana du eta estatu karlistaren estrukturak eraikitzen laguntzen du. Bestalde, euren arreba Bilbora doa, zerbitzari lanak egitera; hor liberalen ikuspuntua ikusi daiteke, dirudunek zelako bizimodua zuten. Bilboko setioa zelakoa izan zen ere deskribatzen da, eta interesgarria dela uste dut.

Gusturago aritzen zara historia nobelatua idazten?
Bietan nago eroso. Orokorrean, historia kontuekin nago eroso. Literatura egitean, egia da libreago sentitzen naizela, baina bestelakoak idazterakoan ere gustura aritzen naiz. La alternativa Garat eta El testamento saiakera lez izendatzen dira, baina nobelatuta ere badaude; beraz, esan daiteke bien artean ibili naizela beti.

Karlistak baztertuta egon dira?
Karlismoak ere bere historia izan du; ez ziren berdinak XIX. mendekoa eta XX.ekoa. Jendeak egin zuena zergaitik egin zuen kontatzea da nire nahia. Mota askotako karlistak egon dira, baina niri interesatzen zaizkidanak, liburu honetarako behintzat, baserrietakoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!