Gaur goizean Elorrioko Udalean egindako prentsaurrekoan, gobernu taldeak Aztiker Soziologia Ikerguneak azken hilabeteetan egindako txostenaren emaitzak jakinarazi ditu. Txosten horrek markatuko ditu udal-jardueraren egunerokoa eta legealdia amaitzeko geratzen denerako helburuak.
Hala, ikerketak ondorioztatu du etxebizitza, gazteen arazoak, saltoki txikiak, egoera zaurgarrian dauden pertsonen egoera eta espazio publikoen mantentze-lanak direla herritarrek lehentasunezko gai gisa nabarmendu dituztenak eta eurak izango dira udalaren epe laburreko ekintza planaren oinarriak. "Ekonomiaren ikuspuntutik, pandemiak eragin handia izan du udal kudeaketan eta murrizketa handia ekarri du udalaren diru-sarreretan. Testuinguru horretan, ezinbestekoa deritzogu gure hasierako Gobernu Plana berrikusteari; hausnartu eta geratzen diren hilabeteetan etokorkizunerako lehentasunak ezartzeari", esan du Idoia Buruaga alkateak. Ekitaldian Jesus Maria Guridi, Alazne Mendizabal, Julene Lazkano eta Maria Herrero zinegotziak ere egon dira.
Haurreskola eta Ferialekuko bidegurutzea
Herritarrek esandakoaren arabera, garrantziari dagokionez, Ferialekuko bidegurutzea berrantolatzea eta haurreskola berriaren eraikuntza nabarmentzen dira gainerakoen gainetik, eta, ondoren, San Pio eta Errebonbillo kaleen urbanizazioa. Hala ere, gaur egungo egoeran proiektu denak ezin direla gauzatu ikusita, lehentasunei buruz galdetu diete herritarrei. %62,8ak haurreskolaren alde egin du, %46,3ak Ferialekuko bidegurutzearen alde eta %31,7ak San Pio kalea berritzearen alde.
Inkestan, munta txikiagoko proiektuei buruz galdetuta, bakarrik bizi diren pertsonentzako laguntza-programak garatzea nabarmentzen da, %68,8arekin. Bigarrenik, inkestutako erdiak gazteei zuzendutako ekintza-plan berri bat egitearen alde agertu dira. Bi proposamen horietatik gertu dago Goieta eta Montorra inguruetan etxebizitza berriak eraikitzeko espazioen garapena bultzatzea ere.
Azkenik, udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena ere aipatu nahi izan dute udal-arduradunek.
Kiroldegiari buruz
Kiroldegi berria berritzeko edota eraikitzeko proiektua ere baloratu dute herritarrek. Inkestatuen %24,8ak uste du lehentasunezkoa dela proiektu hori gauzatzea, eta horietatik %15,2ak egungo kiroldegia berritzearen eta handitzearen alde egin du; %9,6ak, aldiz, eraikin berri bat ikusten du egokien. Edozelan ere, %65,9ak nahiago du kiroldegiaren proiektuan baino garrantzi txikiagoko bi proiektutan inbertitzea.
Udal kudeaketaren balorazioa
Inkestatuen %60ak uste du udalak badakiela zelan konpondu herriko arazoak. Bestalde, inkestako emaitzen arabera, hamarretik seik adierazi dute gustura edo oso gustura daudela udalak aurrera eramandako proiektuekin.
Ibilbide-orri berria
Azterlanak hemendik aurrera begirako ibilbide-orria markatuko du. "Arlo bakoitzean lan egiten jarraituko dugu, orian arte egin dugun moduan, eta, aldi berean, herritarrek nabarmendu dituzten proiektuei aurre egingo diegu, haurreskolari eta Ferialekuko bidegurutzeari eta San Pio eta Errebonbillo kaleei", azaldu du Buruagak.
Inkestaren metodologia
Azterlanak metodologia kualitatiboak eta kuantitatiboak erabili zituen: kualitatiboa, gizarteko hainbat sektore eta eragilerekin osatutako eztabaida-taldeen bidez, eta kuantitatiboa, inkesta baten bidez. "Balizko 388 inkesta jaso ditugu, eta horri esker, gure agintaldiko planaren proiektuak ezagutu eta herritarrekin kontrastatu ahal izan ditugu", azaldu du Maria Herrero alkateordeak.