Elorriarrek aurrekontu parte hartzaileetako sei proiektutatik bat aukeratu dezakete

Anboto 2021ko ira. 30a, 11:34

Elorrioko Udalak martxan ipini ditu aurrekontu parte hartzaileak. Gaur goizean emandako prentsaurrekoan Idoia Buruaga alkateak eta Maria Herrero alkateordeak jakinarazi dutenez, Legegintzaldi Plana eguneratzeko inkestako ekarpenen artean hautatzeko aukera izango dute elorriarrek, urriaren 1etik 15era bitartean.

 "Gobernu talde honentzat partaidetza prozesuak funtsezkoak eta lehentasunezkoak dira, eta, horregaitik, herritarrak botoa ematera animatu gura ditugu, Elorrio hobetzen jarraitzeko helburuagaz", adierazi du Idoia Buruagak.

Bestalde, Maria Herrero alkateordeak jakinarazi du Legegintzaldi Plana berregokitzeko egindako partaidetza prozesuko ideiak jaso dituztela aurrekontu parte hartzaileetan. "Inkestan, beste proiektu eta ideia batzuk emateko aukera ere eskaintzen da, eta proposamen horietariko batzuk, garrantzitsuenak, dira bozkatuko direnak", azaldu du Maria Herrero alkateordeak.

Elorrioko Udalak 50.000 euro ipiniko ditu aurrekontu parte hartzaileetarako, eta 16 urtetik gorako elorriarrek honako sei proposamenetatik euren gustukoena aukeratu ahalko dute: naturbide sareagaz jarraitzea eta horretarako bide berri bat berreskuratzea, Arespakotxaga parkea txukuntzea, kultur arloko sormenerako diru laguntzak ematea, San Jose eremua txukuntzea, Esteibarlandako parkearen inguruan komunak ipintzea edo San Juan eta Elizalde kaleen arteko bidegurutzea hobetzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!