“Azoka herrian dagoen ganadua erakusteko erakusleiho bat da. Polita izaten da parte hartzea”

Jone Guenetxea 2021ko ira. 4a, 11:30

Elorrion jairik izango ez den arren, azoka egingo dute irailaren 5ean, 10:00etatik 14:00etara. Iazko etenaldiaren ostean, aurten, herriko baserritarrek agertokia eta saltokia izango dituzte. Hiru gune atonduko dituzte jende pilaketarik ez egoteko. Abeltzainak ferialekuan egongo dira, ekoizleak aparkalekuan, eta artisauak Buskantzan. Abeltzainen gunean, Joseba Solozabal baserritarra egongo da. Baserrian bizi da, Eneritz Lapazaran bikotekideagaz. Oraingoz ez dira baserritik bizi, baina etorkizunean horrela izatea gura lukete. Solozabalek erantzun die ANBOTOren galderei.

Noiztik bizi zarete baserrian?
Beti bizi izan naiz baserrian, gurasoekin. Orain dela bost urte, bikotekiak eta biok baserria erosi genuen eta geure kontura hasi ginen.

Non duzue baserria?
Elorrioko Berrio auzoan. Baserriak Orbe Goikoa du izena.

Bizimodua baserritik ateratzea da asmoa?
Bai. Oraingoz ez da horrela, baina etorkizunerako proiektua da. Oso gatxa da. Biok baserri giroan hazitakoak gara. Hiru urtean bizi izan ginen pisuan, baina ni neu ez naiz konpontzen pisuan. Baserrian hobeto. Nik lan egiten dut eta bikotekidea eszedentzian dago, umea izan dugu eta. Baina biotako bat behintzat baserritik bizitzea litzateke asmoa.

Zer lantzen duzue baserrian?
Ortua eta ganadua ditugu. Ardiak eta behiak, etxerako okela izateko. Ogia ere egiten dugu.

Zelan egiten duzue ogia?
Baserrian labe zahar bat zegoen eta konpondu egin dugu. Bertan egiten dugu ogia. Oraingoz, guretzat eta lagunentzat. Ogia egiten duten baserritarrekin berba eginda ikasi dugu. Lehenengo pausoak ematen gabiltza.

Zelan ikusten duzue sektorea?
Oso txarto dago. Urte asko daramatza horrela. Pentsuak gora egin du eta bildotsak ez du ezer ere balio. Bestalde, orduak kontatzen hasten bazara, infinituak dira. Abuztuan, esate baterako, egun birako joan ginen oporretan. Hemen lan handia dago. Hori bai, gustatu egiten zaigu.

Ferixa Nausikoetan parte hartzen duzun lehenengo aldia da?
Lehen, aitagaz ardiak ekartzen genituen feriara. Aitak utzi egin zuen eta geu hasi ginen.

Elorriarra izanda, Ferixa Nausikoetara joatea zer da zuretzat?
Azoka herrian dagoen ganadua erakusteko erakusleiho bat da. Polita izaten da parte hartzea. Elorrioko jaiei izena ematen diena azoka bera da. Garrantzi handia dauka herrian.

Ferietan tratuak egiten dira ala hori lehen egiten zen?
Ganaduagaz tratua egiteko izaten zen, baina, orain, erakusleiho bat da gehienbat. Baserrian lan handia egiten dugu, eta egun batez lan hori  erakusteko aukera izaten dugu.

Zer ematen dizue baserriko bizimoduak?
Inork ere ez dezala pentsatu diru kontu bat denik, tailerrean baserrian baino gehiago irabazten da -eta, lan gutxiago eginda. Txikitatik bizi izan dut baserriko giroa, eta sentitzen dut hauxe dela nire lekua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!