Heels Dance praktikatzea arriskutsua izango da.
12 zentimetroko takoikekin dantzatzen da eta arriskutsua da, bai. Akrobaziak, itzulipurdiak, saltoak eta mugimendu arinak egitean, batez ere. Takoirik barik dantzatzen ikasi behar da lehenengo, eta gero, apurka, heels-ekin probatu, takoiekin. Garrantzitsuena gorputza eta hankak indartzea da, orkatilak, bikiak eta koadrizepsak, lesioak saihesteko.
Asko entrenatu behar da?
Orduak eta orduak sartu behar dira. Takoiekin ibiltzen ikasi behar da lehenengo, gero mugimendu konplexuagoak entrenatzen hasteko. Garrantzitsuena oreka da, gorputz osoa kontziente eta indartsu egoteko. Detaileak oso garrantzitsuak dira, eta pausoen arteko trantsizioak asko zaindu behar dira, dantza dotore eta garbi ikusi dadin.
Zein da 'Heels Dance'-aren ekarpena?
Takoiak ipintzerakoan, gorputzak beste jarrera bat hartzen du, dantzatzeko era guztiz aldatzen da: hankak luze sentitzen dira, belaunak ia tolestu barik, gerria eta sorbaldak solte eta sabela gogor. Sozialki rolak apurtzen laguntzen du. Mutil askok dantzatzen dute, eta normalizatzen laguntzen du. Takoiak ez dira nesken kontua bakarrik.
Zerk erakarrita aukeratu zenuen dantza estilo hau?
Erronkak asko gustatzen zaizkit, eta probatzea erabaki nuen. Dantzatzeko modu oso sentsuala dut eta takoiekin aritzeak, edozein intentzio eman daitekeen arren, askotan badu sedukzio puntu bat. Garaikidean eta Comercial Dance estiloan trebatu naiz, eta biak bateratzeko aukera paregabea ikusi nuen Heels-ean. Nire espezialitatea da, baina beste dantza estiloekin ere jarraitzen dut.
Non du jatorria 'Heels Dance'-ak?
AEBetan sortu zen. 1980tik 2000 bitartera hartu zuen indarra, Los Angeles eta New York hirietan. Espainian oso berandu egin zen ezagun, 2017an. Euskal Herrian ia ez dago praktikatzeko aukerarik oraindino. Jendeak ezagutzea, dantzatzea eta disfrutatzea dut helburu.
Zer da zuretzat dantza? Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu?
Dantza bizimodu bat da, kultura bat. Balioak, diziplina, konpromisoa, konstantzia, exijentzia, pasioa eta indarra eman dizkit. Oso gogorra da, buruhauste asko ematen dit, baina dantzarik barik gatx nuke dudan bizimodua ateratzea. Formakuntza prozesuan, goizero 4-5 ordu ematen ditut dantzan, forma fisikoa lantzen, eta balleta, elastikotasuna, anatomia eta koreografiak praktikatzen. Arratsaldetan dantza eskolak ematen ditut. Sormen prozesua bestelakoa da: ideiak eta mugimendu berriak garatu, musika, outfit-a…