Domekatik astelehenerako gauean lapurrak sartu ziren Elorrioko musika eskola barrura eta instrumentu ugari eraman zituzten bertatik. Ostutako guztia eta horren balioa kalkulatzea lan zaila den arren, Maria Herrero alkateordeak azaldu du lapurrek askotariko elementuak eraman dituztela: tronpetak, tronboiak, saxofoiak, gitarrak, bibolinak, trikitiak, anplifikagailuak,... denetarik. "Pianoa, bateria eta txirula batzuk kenduta, gainerako guztia" azpimarratu du, eta baita ordenagailu eramangarriak, material akademikoa eta kafetera bera ere. "Disgustu handia eragin digu lapurretak. Ederra egin digute", gaineratu du Herrerok.
Orain, Elorrioko Udala egoerari buelta emateko lanean ari da. Aseguru etxearekin hartu emanetan dabil, gertaturikoak ikasturte hasiera oztopatu ez dezan ahalegintzeko. "Ikasturtea irailaren 8an hastekoa da eta ordurako dena prest izatea espero dugu. Aseguru etxearekin lanean ari gara eta ahaleginduko gara zerbait lortzen. Bitartean, musika eskolako poltsagaz zerbait erosiko da, oinarrizkoak diren tresnak-edo. Hortik aurrera egoera kudeatu beharko dugu", adierazi du Herrerok.