Irailaren 5ean hiru azoka egingo dituzte Elorrion, herriko gune desberdinetan

Anboto 2021ko abu. 19a, 13:15

Elorrioko Udalak Kultur Zopa programaren beste edizio baten hasiera iragarri du. Aurten ere ez dira Ferixa Nagusikoak ospatuko, baina irailean Elorriok kultur programazio zabala izango du. Asteburuetan, jende guztiari zuzendutako musika ikuskizunez beteko dira berriro kaleak. Hala, umeentzako jolas eta animazioak eta gazteentzako zein helduentzako kontzertuak egongo dira Ganondo parkean eta Arriola Antzokian, datozen egunetan iragarriko den programazioarekin.

Gainera, irailaren 5ean Elorrion hiru azoka egingo dira hiru gune ezberdinetan: Elorrioko abeltzainen azoka; nekazaritza azoka (eztia, ogia, baratzeko produktuak…) eta artisautza azoka. Azken bi horiek eskualdeko ekoizleekin eta artisauekin egingo dira. “Kultura izaten ari da Elorrioko udako protagonista nagusia. Urte zail baten ostean, kultura gure ihesbidea eta gozamena izaten ari da. Pribilegio bat da ingurune naturalean eta aire zabalean bizi ahal izatea, bai musika- eta antzerki-emanaldiak, bai umeentzako jolasak, eta hori guztia jende guztientzat. Izan ere, 2021eko Kultur Zopa ikuskizunez betetako udari jarraipena ematera dator, kultura segurua dela erakutsiz”, adierazi du Julene Lazkano Gazteria eta Jai zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!