Elorrioko Udalak udal kiroldegiko fitness aretoko makinak berritzeko lanak hasi ditu. Aurreikuspenen arabera, astelehenean, hilaren 23an, ekingo zaio berriro ekitaldiari ia guztiz berrituta egongo den aretoarekin; izan ere, hornidura arazoak direla eta, makinaren bat aste horretan zehar iritsiko da, udalak ohar batean informatu duenez.
Guztira, kardioko ariketak egiteko 13 makina jarriko dira (3 bizikleta estatiko, arraun 1, 4 eliptika, stepper 1 eta korrika egiteko 4 zinta). Nobedade moduan, kardioko makina guztiek Internetera konektatzea, fitness aplikazioekin bat egitea, telebista ikustea... ahalbidetuko duten monitore bana izango dute. "Konektagarritasunari esker, ariketa atseginagoa izango da, eta erabiltzaileei errazagoa egingo zaie euren jarduera fisikoaren jarraipena egitea",azaldu dute.
Bestalde, gorputz atalak modu sektorizatuan lantzeko aukera emango duten 11 muskulazio gailu jarriko dira, behe-atala, gorputz enborra zein goi-ataleko jarduerak egiteko aukera izateko. Entrenamendu funtzionalerako 3 makina ere instalatuko dira, besteak beste, 5 estazioko makina berria. Azkenik, pisu librea lantzeko elementuak (mankuernak, barrak, bankuak...) eta elementu osagarri guztiak ere berriztatuko dira.