"Munduko Txapelketako hirugarren postuagaz oso pozik nago. Ez nuen espero"

Anboto 2021ko abu. 6a, 18:42

Joan zen astean Italian jokatu zen Munduko Txapelketan hirugarren postua eskuratu zuen Gontzal Murgoitiok (Elorrio, 2001). Horrelako txapelketa batean parte hartzen duen lehenengo aldia izan da. 

Lasterketa bi egin dituzue. Zelako probak izan dira?
Lehenengo lasterketa, joan zen barikukoa, kilometro bertikala izan zen. Domekan berriz, lasterketa. Ez nago ohituta bi proba hain denbora gutxian egitera. Alde horretatik, ez nuen nire burua gai ikusten. Lasterketak egiterakoan emaitzak onak izan dira, baina uste dut hobeto egiteko sasoia dudala. Pena horregaz gelditu naiz.

Zure lehenengo mundiala izan da. Horrelako emaitza lortzea handia izango da.
Ez nekien zein emaitza zen ona. Zein maila zegoen ikusi gura nuen. Aukera oso ona izan da ikasteko. Munduko Txapelketako hirugarren postuagaz oso pozik nago. Ez nuen espero.

Udara begira zein aurreikuspen dituzu?
Zapatuan La Palma irlan Espainiako Trail Txapelketan parte hartuko dut. Euskadiko selekziokook bertara joango gara. Hor amaituko da denboraldia. Abuztua lasai hartu gura dut, korrika egin barik, fisikoki eta mentalki deskantsatzeko. Urte oso gogorra izan da. Mundialera joateko asko lehiatu behar izan dut. 

Eta irailetik aurrera?
Hasiera baten, ez dut helbururik. Aurredenboraldia zentzuagaz egin gura dut. Nire burua sasoi onean ikusten dudanean lehiatzen hasiko naiz. Ez dut uste irailean hasteko moduan egongo naizenik. Agian urrian hasiko naiz. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!