Elorrioko Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, iazko urtearen amaieran ibaia desbideratu eta egokitu ostean Toloto ibaiaren inguruan, Ugarte eta Esteibarlanda kaleetan batez ere, agertu diren usain txarren jatorria aztertzen ari da. “Jabari publikoko eremua denez eskumena URAri dagokion arren, udala bere esku dagoen guztia egiten ari da usain horien jatorria argitzeko eta arazoa konpontzeko. Fokua detektatzeko eta konponbide eraginkorra emateko ekintzak egiten jarraituko dugu”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.
"Kaltetutako eremuko bizilagunen ondoezaz jabetuta udalak hainbat jarduera egin ditu, horien artean erdigunean arratoiak hiltzea eta ur-laginak hartzea, usain txarren kausa posibleak ebaluatu ahal izateko", azaldu dute. Lehen esku-hartze horren emaitzak ez dira behin-betikoak, ez baitute kiratsaren jatorria eta zergatia argitzen; beraz, Toloto ibaiaren ondoko eraikinetan saneamendu-sareen, bai euri-sarearen, bai osasun-sarearen azterketa espezifikoa egingo dutela jakinarazi dute.