Argazkilari elorriarrak bere herriko industrializazio garaia islatu du irudietan. Abiapuntua familian ipini du. Aitak 1958an Elorriora ailegatu zenean ekarritako maleta hartu du oinarri modura. Hortik erakusketaren gaztelerazko izena; 'Bagaje'. Argazkilariak adierazi duenez, erakusketa "joan den mendearen erdialdean industria-iraultzaren deia entzun eta paperezko ametsez betetako maletekin emigratu zuten pertsona guztiei egindako omenaldia da".
Erakusketa hau Elorrioko Udalak 2016a industria ondarea ikertzeko hasitako ikerlanetik eratorri da. Ikerlana datozen hilabeteetan garatuko dute. 1950etik aurrera herrian izandako eraldaketa industriala jasoko dute. Udalak herritarrei dei egin die aldaketa hori islatzen duten argazkiak, aldi baterako, turismo bulegoan eta Iturri Kultur Etxean uztera.