AHTko obrak direla eta Iguria auzoko lehenengo irteera itxiko dela salatu du Elorrioko Udalak eta Aldundiari soluzio bat eskatu dio

Anboto 2021ko uzt. 16a, 12:20

Elorrioko Udalak Bizkaiko Foru Aldundira idatzi bat bidali du, eta ahalik eta arinen egindako lanak birplanteatzeko eskatu du. 

AHTko obrak direla eta, Iguria auzo parean N636 errepidea itxi izana salatu du Elorrioko Udalak, eta eta Bizkaiko Foru Aldundiari puntu horretarako benetako soluzio bat eskatu dio. Bestalde, auzoko bigarren irteera erabiltzearen alternatiba baztertu egin du udalak, "arriskutsua" delako.

“Nahiko gogorra da AHTa moduko zentzugabeko azpiegitura baten ondorioak pairatu behar izatea, eta are gehiago erabat horren aurka egonda. Baina, gainera, azken hori bezalako egoerak pairatu behar ditugu, izan ere, aldebakarrez, udala kontuan hartu barik, Iguriako bizilagunengan eta haien segurtasunean eragin zuzena duen bidegurutze bat berrantolatzea erabaki dute. Hori guztia dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari bere erabakia berriro planteatzeko eta lehenengo irteera berriro gaitzeko eskatzen diogu”, adierazi du prentsa ohar bidez Idoia Buruaga alkateak.

Bestalde, Elorrioko Udalak, joan den martxoan, Bizkaiko Foru Aldundiari berriro, Igurian behin-behineko semaforo bat instalatzeko eskatu ziola jakitera eman du, oinezkoen bidea amaituta eta martxan egon arte. Baina oraindik ez dutela erantzunik jaso azaldu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!