Elorrion 12 bat lagunek parte hartu dute adinekoentzako jardueretan

Maialen Zuazubiskar 2021ko uzt. 14a, 11:03

Elorrioko Udalak adinekoentzako aisialdi osasungarriko eta aire zabaleko programa modu positiboan baloratu du.

Sendetarismoa prebenitu, zahartze aktiboa bultzatu eta jarduera fisikoa egin asmoz, aisialdi osasungarriko eta aire zabaleko programa martxan jarri zuen Elorrioko Udalak apirilean. Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, programan gutxi gorabehera 12 bat lagunek parte hartu dute, sasoi bakoitzeko. Eta "balorazio positiboa" egiten dute.

"Herritarren erantzuna bikaina izan da. Programan parte hartu duten pertsona askok adierazi digute pozik daudela eta udazkenera begira egingo diren jardueretan parte hartzen jarraitzeko asmoa dutela. Esperientzia aberasgarria izan da eta horrelako programak bultzatzen eta etorkizuneko jarduerak planifikatzen lagundu digu", adierazi du Dani Palacios kirol eta jarduera fisikoko zinegotziak.

Gehiengoak emakumeak
Elorrioko Udaletik jakitera eman dutenez, aisialdi osasungarriko parte hartzaile gehienak 65-75 urte bitartekoak izan dira. Horrez gain, emakumeen presentzia nabarmendu beharra dagoela azaldu dute, parte-hartzaileen %85 emakumeak izan direlako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!