“Mendian edozer gauza gertatu daiteke, eta segurtasuna ezinbestekoa da”

Aitziber Basauri 2021ko uzt. 11a, 10:00

Miguel Angel Bernalte 'Pumu'-k mendiko formakuntza eta irteera gidatuak eskaintzen ditu, Euskal Herrian gehienbat. Dena dela, Pirinioetara, Kantabriara eta Astuariasera ere antolatzen ditu irteerak. Eskaladagaz lotuta jarduten du gehien. Bestalde, eskolaz kanpoko jarduera moduan eskalada irakasten du Elorrion eta Zornotzan. Berrizko udalekuetan ere badabil eskalatzen irakasten.

Mendi ibilaldiak, eskalada eta arroila-jaitsierak egiteko aukera eskaintzen duzu.  Abentura kirolak modan daude?
Bai. Batez ere, eskaladan igarri dut gorakada handia.

Zeren bila doaz zure bezeroak? 
Denerik dago. Alde batetik, horrelako ekintza bat egiteko materialik eta esperientziarik ez duten familiak daude. Horretarako lekuak ere ez dituzte ezagutzen, gainera. Esperientzia hori bizi gura dutelako deitzen dute. Iparrorratza edo mapak irakurtzen ikasi gura dituzten mendizaleak ere badaude, adibidez; mendian segurtasun handiagoz ibili gura dute.

Zer behar da mendi-gidaria izateko?
Mendia gustatu behar zaizu, ezinbestean. Bestalde, beharrezkoa da esperientzia izatea titulua lortzeko. Gainera, eskalda-gidaria edo arroila-gidaria izateko kondizio fisiko batzuk izatea ere behar da.

Pandemiaren eraginez, geroago eta jende gehiago dabil mendian. Askotan arduragabekeriaz jokatzen dela uste duzu?
Profil berri bat sortu da: mendira hurbildu direnak beste ezer egiteko aukerarik izan ez dutelako. Horiek edozein modutan doaz mendira. Jendea galduta ikusi izan dut, txankletekin, motxila barik, urik barik.

Errespetua galdu diogu mendiari?
Ez denok, baina batzuek bai. Mendian edozer gauza gertatu daiteke eta segurtasuna ezinbestekoa da, lehentasuna da. Joan garen moduan, bueltatu egin behar dugu. Mendia hor egongo da beti.

Zerk sortzen dizu errespeturik gehien mendian?
Mendiak neguan, elurragaz, errespetu handia sortzen dit. Neguan elurra 'bizirik' dago. Elur gogorra bigundu egin daiteke konturatu orduko. Ezagutu barik leku arriskutsu batean sartzea ere kontuan hartu beharrekoa da. Gertatu daiteke galduta egon eta aurrera jarraitzea, non sartuko garen jakin barik.

Galduz gero, zer egin behar genuke?
Nondik gatozen jakin behar dugu beti. Eta galdu bagara, irtendako lekura bueltatzea da onena. Ezin badugu, 112 telefonora deitu, bizia arriskuan ipini barik.

Zelan eragin dizu pandemiak?
Hasieran igarri nuen, batez ere.  Iazko udan nahikoa lan izan nuen. Uda ostean, urtarrilera arte, eskolaz kanpoko jarduerak bueltatu arte, berriro ere geldialdia izan zen, baina orain lanez lepo nago. Ezin eskari guztiei aurre egin. Proiektu txikia da Sokan, kalitatezko eskaintza pertsonala eskaintzea da gure helburua.

Abentura bat bizitzeko leku bat?
Marokon, Suitzan, Alpeetan (Frantzian), Italian.. ibili naiz. Baina beti esan dut Euskal Herria altxor bat dela. Denerik dugu inguruan. Oso pozik bizi naiz Atxarte eta Araotz artean. Baina gogoa dut Pakistanera edo Himalayara joateko. Eskaladarako, Yosemitek (AEB) ere asko erakartzen nau.

Oporretan mendira joango zara?
Bai, Pirinioetara. Baina hondartzan ere egon gara. Familian goazenean tartekatu egiten dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!