Elorrioko Udalak ikerlan bat egiteko industrializazio garaiko argazkiak batu gura ditu

Anboto 2021ko uzt. 5a, 12:01

Argazkiak uda osoan zehar Turismo Bulegoan eta Iturri Kultur Etxean entregatu ahal izango dira.

Industrializazioaren garaian bizi izandako eraldaketari buruzko ikerlan bat egiteko, Elorrioko Udalak herritarren laguntza behar duela azaldu du prentsa oharrean. Elorriok garai horretan bizi izan zuen aldaketa islatzen duten argazkiak aldi baterako udalari uztea da asmoa. "Izan ere, 1950etik aurrera, urte gutxiren buruan, biztanleria bikoiztu egin zen, hainbat lekutako pertsonak eta familiak heldu zirelako herrira bizi-proiektu berri bati ekiteko".

Uda osoan zehar Turismo Bulegoan eta Iturri Kultur Etxean entregatu ahal izango diren argazkiak, eskaneatu eta urrian itzuliko dira. Udalak artxibo bat sortuko du lortutako argazki guztiekin, eta argitaratu, ikertu eta azterlana osatuko du.

“Edozein historia txiki edo handi sartzen da gure proiektuan, guztion artean sortzen dugulako egunero Elorrioko ondarea. Zure argazkiak ekarriz, gure udalerriko memoria kolektiboa eraikitzen lagunduko duzu”, adierazi du Alazne Mendizabal Ondare zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!