“Oihal jasangarri eta kalitatezkoak erabiltzen ditut osagarriak sortzeko ”

Aitziber Basauri 2021ko uzt. 4a, 11:30

Urtebete egingo du orain Itsasne Mairenak (Elorrio, 1993) 'Lorekin' proiektua sortu zuela. Uda osoa aurretik zuela, josteko makina erosi zuen entretenituta egoteko, josten ez zekien arren. 'Lorekin' loreak ardatz dituen proiektu txikia da, loreen askotariko estanpatuak dituzten oihalekin eginiko osagarrien proiektua. Euskal Herri osotik jasotzen ditu eskariak, Instragramen bitartez: @lorekin.

Josteko makina erosi zenuen josten jakin barik. Ibilian ikasi duzu dena.
Bai. Mototsekoak, turbanteak eta abar egiteko grina hori izan dut beti. Hartara, josteko makina erosi, mahai gainean ipini, eta youtubeko bideoak ikusita ikasi nuen zelan ipini orratza, zelan ipini haria… Lehenengo egunean orratz bat apurtu nuen (barrez). Mototsekoekin hasi nintzen, zakutxoa etorri zen gero… Gauzak pilatzen hasi zitzaizkidan, eta itxialdian Instagramen erabilerari buruz eginiko ikastaroa praktikan ipintzea pentsatu nuen. Sorturikoak erakustea zen helburua, bestelako pretentziorik barik, ikasitakoari etekina ateratzeko asmoz.

Irakaslea zara, lanordu osoan. Nora eramango zaitu abentura honek?
Ez dakit! Eskuetatik joan egin zait apur bat, ez nuen espektatibarik. Eskariak jasotzen hasi nintzenean,  hauxe pentsau nuen: 'Zer da hau?'. Erronka horrek bultzada bat eman zidan. Eta pentsatzen hasita nago udara begira zein gauza berri atera. Orain, sortzen ditudan osagarriei erabilera bat baino gehiago eman guran nabil.

Ez zenuen horrelako harrerarik espero?
Inondik inora ere ez! Oso pozik nago. Ezagutzen ez nuen mundu bat ezagutu dut, beste artisau batzuk ezagutu ditut, eta ideiak eta esperientziak partekatzeko aukera izan dut. 'Lorekin'-ek ikuspuntua zabaltzeko aukera eman dit. Konfinamenduagaz, jende asko batu da proiektu txikietara, eskaintza handia dago, produktu antzekoak eskaintzen dira, batzuetan oihal berdinekin. Horren aurrean, zerbait berezia aurkitzen, sortzen eta eskaintzen ahalegintzen naiz.

Loreen estanpatuak dituen oihalak erabiltzen dituzu. Loreak dituzu inspirazio? 
Bai. Loreekin obsesio txiki bat izan dut beti. Osagarriak erosi ditudanean ere beti hartu ditut loredunak. Gainera, oihal jasangarriak eta kalitatezkoak erabitzen  ditut. Materiala birziklatua den, kotoi organikoa den… begiratzen dut.

Izan duzu eskari berezirik?
Harrituta geratu nintzen Lekeitioko denda baterako eskaria jaso nuenean. Osagarria zuzenean ikusi eta ukitzeko aukera ona da. Bide hori zabaltzea aukera erosoa eta bideragarria litzateke.

Zeintzuk dituzu etorkizuneko erronkak?
Proiektuagaz jarraituko dut, ez dakit zelan. Lanordu osoan nabil, eta horrek eskaripean lan egitera narama. Oihalak erosi eta erakusten ditut, eta egin daitekeena proposatzen dut. Horren araberako eskariak ditut.

Zeintzuek dute arrakastarik gehien?
Sasoiaren arabera. Iazko udan mototsekoekin zoratu ginen, eta ikasturtea hastean giltzatakoek arrakasta handia izan zuten. Poltsek ere oso harrera ona izan zuten. Orain turbanteak eskatzen dituzte asko.

Kalean zure osagarriak ikusita, zer sentitzen duzu?
Poz handia, ezagutzen ez dudan norbaitek badarama, batez ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!