[ARGAZKI GALERIA]: Elorrioko turismo bulego berria herria ezagutzera emateko prest

Maialen Zuazubiskar 2021ko eka. 25a, 13:47

Gaur inauguratu dute Elorrioko turismo bulegoa. Bertan izan dira Idoia Buruaga alkatea, Elorrioko Udaleko hainbat zinegotzi, eskualdeko hainbat herritako alkateak, Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentea eta udaleko hainbat langile, besteak beste. 

Gaur eguerdian zabaldu ditu ateak Elorrioko turismo bulego berriak. "Elorriorentzat eta elorriarrentzat egun berezia da gaurkoa, Turismo bulego berria inaugurutako baitugu", esan du Alazne Mendizabal zinegotziak. Gaurtik aurrera, martitzenetik domekara zabalik egongo da Berrio-Otxoa kalean zabaldu duten bulego berria, turistak zein herritarrak hartzeko prest. "Askorentzat Elorrio ezezaguna da eta gobernu taldearentzat hori ezagutzera ematea oso garrantzitsua da. Elorrio zoragarria da, ikusgarria. Eta horregatik mundu guztia animatzen dugu bertara etortzen", esan du Idoia Buruaga alkateak gaurko inaugurazio ekitaldian.

Bestalde, Elorriok azken urteetan turismoaren aldeko apustu irmoa egin duela eta bulegoa horren oinarrietako bat dela esan du alkateak. "Turismoaren arloan bere egunean Elorrio aitzindaria izan zen eta orain ere arlo horretan lanean jarraitzen dugu. Esaterako, turismo plan estrategiko propioa egin dugu berau bultzatzeko", jarraitu du alkateak. 

Horrez gain, bai Buruagak baita Mendizabalek ere eskerrak eman dizkie bulegoa prest izateko lanean ibili diren Elorrioko Udaleko langile guztiei. "Eskerrik asko azken bi aste hauetan buru belarri lanean ibili zareten langileoi. Zuek egin duzue posible gaur hau zabaltzea", nabarmendu du alkateak. 

Turismo Bulegoko zerbitzuak
Hainbat dira turismoa bultzatzeko turismo bulego berriak eskaintzen dituen zerbitzuak:

    • Bisita gidatuak (Argiñetako bisita gidatua eta Alde Zaharrekoa)
    • Hamaika plazadun autokarabana gunea
    • Audiogida zerbitzua (bisita gidatuak ez daudenean bezeroak aukera izateko audiogidak erabiltzeko)
    • Naturbide sarea
    • Gurutzeen ibilbidea
    • Herriko bi elizak bisitatzeko aukera... 

Horrez gain, oroigarriak, Elorrioko argitalpenak eta inguruko herrietako turismo bulegoetako eskuorriak ere badaude eskuragai.

ORDUTEGIA:
(Ekainetik-irailera):

- Martitzenetik barikura 10:30-14:00 / 16:00-18:00
- Zapatuetan 10:00-14:00 / 16:00 -18:00
- Domeketan 10:00- 14:00

(Irailetik aurrera)
- Martitzenetik barikura 10:00-14:00
- Zapatuetan 10:00-14:00 / 16:00-18:00
- Domeketan 10:00-14:00

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!