José Emilio Fernández gogoan izan dute Elorrion, 1978an Guardia Zibilak tiroz hil zuen gaztea

Maialen Zuazubiskar 2021ko eka. 23a, 19:19

1978an, San Juan bezperan, Guardia Zibilak auto bateko hiru bidaiari ametrailatu zituen Apatamonasterion, Durangotik Elorriorako bidea egiten ari zirela, gauez. 16 urteko gazte elorriar bat hil zuten tiroketa haren ondorioz: José Emilio Fernández.

Garai hartako bertsio ofizialak jaso zuenez, auto gidariak polizia kontrola gainditu zuen, eta horrek eraginda hasi zuten tiroketa agenteek. Baina gertatu zena oso-oso bestelakoa da autoan bidaiari joan ziren beste bien eta José Emilio Fernández zenaren familiaren esanetan. "Ez zen inolako polizia kontrolik egon".

Gertarakari latz hori geratu zela 43 urte betetzen direnean, hau da, gaur, ekainak 23, omenaldia egin diote Fernándezi Elorrion, bera gogorarazteko plakaren aurrean.

"1978ko ekainaren 23ko gertakari latz hura gogorarazteko batu gara hemen. Guardia Zibilak inpunitate osoz metrailatu zuen, existitzen ez zen kontrol batean, José Emilio Fernández, Jose Felix Marias eta Koldo Zenitagoia zihoazen autoa. Jose Emilio hil egin zuten eta beste biak larri zaurituak izan ziren" gogorarazi zuen oroimen  ekitaldian Fernandezen senitarteko batek.  Horrez gain, gertakari latz horiek 30 urtez ahaztuak izan zirela salatu dute omenaldira bertaratutakoek, eta oraindik justizia egin gabe jarraitzen duela nabarmendu dute. "Gertakari hauen benetako errudunek, hau da, Guardia Zibilak eta Espainiako gobernuak, oraindik ez dituzte ekintza hauek aitortu", kritikatu du Fernándezen senitartekoak.

Ekitaldian José Emilio Fernándezen familiartekoek, lagunek eta Elorrioko Udaleko hainbat zinegotzik parte hartu zuten, tartean Maria Herrero alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!