Aurten ere Elorriok kulturaren aldeko apustua egin du. Gainera, 1998an hasi zen musika jaialdia bere ohiko formatura itzuliko da, eta uztaileko asteburuetan egingo da. Uztailaren 3an hasiko da jaialdia Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren kontzertuagaz eta abuztuaren 1ean amaituko da Ene Kantaken emanaldiagaz. Aurtengoan emanaldi guztiak Ganondo parkean izango dira. “Kulturarentzat zaila izan den urtea igaro ostean, Musikaireren jatorrizko formatua eta esentzia berreskuratu ditugu. Ohi bezala, Elorrio prest dago uztailaren 3tik abuztuaren 1era arte Elorriarrek gehien espero duten jaialdia jasotzeko: Musikaire", adierazi du Julene Lazkano zinegotziak. Horrez gain, Elorriok kulturaren, kulturgintzaren eta musikaren "aldeko apustua" egiten jarraitzen duela esan du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.
Udaleko kideek jakitera eman dutenez, jaialdia segurtasun neurri guztiekin egingo da eta Pirritx, Porrotx eta Marimotsen emanaldirako beharrezkoa izango da aurrez izena-ematea. Izen ematea Arriolan egin beharko da, uztailaren 1etik aurrera.
EGITARAUA
• Uztailak 3, 20:00etan Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra
• Uztailak 9, 20:00etan Yllana
• Uztailak 10etan, 20:00 Feedonia
•Uztailak 11, 19:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots
• Uztailak 16, 20:00etan Juanma Urriza 5tet
•Uztailak 17, 20:00etan "Loreak eta zauriak" Xabier Leteri kantari
• Uztailak 18, 19:00etan Paul San Martin
•Uztailak 23, 20:00etan The Cuban Jazz Syndicate
• Uztailak 24, 20:00etan Petti
• Uztailak 25, 19:00etan Audience
•Uztailak 30, 20:00etan Maria Berasarte
• Uztailak 31, 20:00etan Boney Fields
• Abuztuak 1, 19:00etan Ene kantak