Elorriok nazioarteko paraziklista onenak batuko ditu uztailaren 3an

Anboto 2021ko eka. 21a, 17:10

Ione Basterra, 2019an hil zen Saiatu fundazioko txirrindularia, omenduko dute lasterketan. 

Elorriok txirrindularitza egokituko nazioarteko Paracycling Bira hartuko du aurten ere. 2021eko edizioa uztailaren 3an izango da; 15:30ean hasiko da. Aurtengoan ehundik gora txirrindulari ariko dira 7,5 kilometroko zirkuituan. Proba Elizburu kaletik abiatuko da, eta Betsaide kalea, Arrasate Hiribidea, 636 errepidearekin dagoen lotunea, San Agustin biribilgunea, San Fausto kalea, San Pio kalea eta Elizburu kalea zeharkatuko ditu, eta helmuga Elizburu kalean egongo da.

Bestalde, Elorrioko Udaletik herritarrei eta herriko elkarteei laguntza eskatu diete proba antolatzeko. “Paracycling Bira gure udalerrian hainbat urte ospatzen daramatzan kirol-ekitaldia da. Bertan, herritarrek, lehian ari diren txirrindulariak animatzera kaleetara irteteaz gain, antolakuntzari elkartasunez laguntzen diote, proba egin ahal izateko. Udaletik dei egiten dugu ahalik eta pertsona eta elkarte gehien lasterketaren egunean laguntzeko prest egon daitezen; izan ere, horrelako proba proba batek lan handia eskatzen du eta laguntza guztia ongietorria izango da”, adierazi du Dani Palacios Udaleko Kirol zinegotziak. Hori horrela bolondres bezala aritu gura dutenek kirola@elorrio.eus helbidera idatzi dezakete. 

Trafikoan eragina
Bestalde, lasterketaren orduetan, errepidea trafikorako itxita egongo dela jakitera eman dute. Ondorioz, desbideraketak egingo dira eta ezin izango dira San Pio kaleko eta Elizburu kaleko geltokiak erabili. Arrasatetik, Elgetatik edo Durangotik datozen autobusek Goieta kalean izango dute geltokia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!