'Karrikan' Karrikaren itzulera obra Elorrion eskainiko dute

Aritz Maldonado 2021ko eka. 9a, 08:38

Ekainaren 12an izango da, 19:00etan; Topaklownen estreinatu zuten, Patricia Urrutiaren gidaritzapean. 

Karrika antzerki taldeak aro berri bati ekin dio Karrikan antzezlanagaz. 2018ko otsailean Jose Martin Urrutia 'Txotxe' Karrikako alma materra zendu zenetik, estreinatu duten lehenengo lana da Karrikan, hain zuzen ere. Obra honek fikziozko herri txiki batera darama ikuslea. Bertan, zortzi lagun aurkeztuko dizkiote ikusleari. Zortzi lagun horietariko bakoitzak kutxa bat izango du buruan. "Baina, eta egokitu zaigun kutxari egokitzerik ez badago?", galdetzen dute Karrikako taldekideek. Abiapuntu horregaz, antzezlan ezberdin bat aurkeztuko dute. Obra honetan, Uxuri Gallastegi, Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia, Mikel Uribelarrea, Maialen Magunagoitia eta Eider Chavez dira antzezleak; Patricia Urrutia arduratu da Karrikan zuzentzeaz. Topaklown jaialdian estreinatu zuten obra. Emanaldi bi izan ziren eta biak bete ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!