Abandonaturiko animaliak artatzeko protokolo bat egiteko eskatu diote Elorrioko Udalari

Anboto 2021ko eka. 3a, 17:00

Azken asteotako gertakariek haserrea piztu dute Elorrixoko Katuak elkarteko kideen artean.

"Orain pare bat aste hamabi txakurkume poltsa batean sartuta agertu ziren, eta poltsa zabaldu eta zer zegoen ikusi beharrean, udaltzainek elkarteko kide bati eraman zioten poltsa, hark zabaldu zezan", adierazi dute elkartekoek. Behin poltsa zabalduta, txakurrak hartu eta txakurtegira eraman zituzten udaltzainek.

"Horrez gainera, zaurituriko edo hilzorian dauden katuak ere aurkitu ditugu sarritan kalean, eta geuk artatu behar izaten ditugu", jarraitu dute.

Beraz, horrelako kasuetarako, abandonaturiko animaliak hartzeko protokolo bat egiteko eskatu diote Elorrixoko Katuak elkarteko kideek Elorrioko Udalari. "Lotsagarria da udalak kasu hauetarako protokolo bat ez izatea. Beraz, lehenbailehen egiteko eskatzen diegu", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!