Elorriok etxeko eta zaintza lanetarako informazio eta aholkularitza zerbitzu berria du

Maialen Zuazubiskar 2021ko mai. 14a, 13:39

Informazio eta aholkularitza zerbitzua doakoa izango da. Arreta presentziala eta telematikoa izango da. Aurrez aurrekoa hileko lehenengo barikuan, 10:00etatik 15:00etara, udaletxeko gizarte-zerbitzuan. 

Maiatzaren 14tik aurrera zerbitzu berria izango da Elorrion, etxeko eta zaintzako enplegurako informazio eta aholkularitza zerbitzua. Gaur egin dute aurkezpena, bertan izan dira Maria Herrero Elorrioko alkateordeak eta Alazne Mendizabal Berdintasun zinegotzia eta Mujeres con Voz elkarteko Lyudmila Montoya.

Zerbitzu berri horrek aurrez aurre edo modu telematikoan funtzionatuko du eta etxeko eta zaintza-lanetan diharduten langileei dago zuzenduta, eta baita horiek kontratatzen dituztenei ere. "Jakin badakigu ez direla beti errespetatzen gure herrian bizi eta lan egiten dugun guztion lan eskubideak. Zehazki, etxez-etxeko eta zaintzako lanetan ari diren langileak egoera zaurgarrian daude askotan, eta langile gisa dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko prestakuntza eta informazio gutxi dute. Familia kontratatzaileek ere desinformazioa dute, eta, beraz, kontua ez da inor kriminalizatzea; informatzea, aholkatzea eta kontzientziatzea da helburua, pertsonei bizitza duina bermatzeko helburuarekin", azaldu du Maria Herrero alkateordeak. 

Bestalde, Alazne Mendizabal Berdintasun zinegotziak gogorarazi duenez, proiektu honekin "isilduta" eta batez ere emakume migratzailez osatuta dagoen kolektibo bati lagunduko diote. "Horrekin, gero eta larriagoa den eta egungo osasun-krisiak okerrera eraman duen errealitate bat ikusgai bilakatu gura dugu", azaldu du zinegotziak.

Arreta presentziala eta telematikoa
Arreta presentziala eta telematikoa izango da. Aurrez aurrekoa hileko lehenengo barikuan, 10:00etatik 15:00etara, udaletxeko gizarte-zerbitzuan. Eta telematikoa asociacionmujeresconvoz@gmail.com helbidera idatzita edo 655 603 809 whatsappera idatzita. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!