Txintxirri Ikastolako ikasleek 400 euro batu dituzte Atxondon dauden errefuxiatuentzat

Maialen Zuazubiskar 2021ko api. 29a, 09:34

Elorrioko Txintxirri Ikastolako LH-6ko ikasleek elkartasun ekimen bat ipini zuten martxan urtarrilean. Jaiotzen garen lekuak norbere bizitzako oinarrizko premiei zelan eragiten dien aztertzea zuten helburu ikasleek. Hori aztertzeko asmoz, zenbait ekimen egin zuten, tartean elkarrizketak Elorrioko hezkuntza, osasun eta administrazio arloko arduradunei.

"Behin ondorio guztiak jasota eta ikasitako guztiak gure inguruan eragiteko ematen digun aukeraz jabetuta, elkartasun ekimen bat aurrera eramatea erabaki genuen", azaldu dute Txintxirri Ikastolako kideek. Hori horrela, Elkartasun Azoka antolatu zuten. Azokan negutegiko barazkiak, ikasleek eginiko eskulanak eta etxetik ekarritako hainbat gauza ipini zuten salgai. 400 euro jaso zituzten guztira.

Atxondo Harrera Herria
Elkartasun azokan batutako dirua bizi-baldintzak hobetzeko premia duen kolektibo bati bideratzea erabaki dute Txintxirriko ikasleek, eta Atxondo Harrera Herria taldeko errefuxiatuei ematea. "Errefuxiatuek euren bizipenen berri eman ziguten. Euren herrietako bizi-baldintza kaskarrak kontatu zizkiguten, gurera heltzeko igaro behar izan zituzten arrisku egoeren berri eman ziguten eta euren beldur eta itxaropenak partekatu zituzten", jarraitu dute ikastolako kideek.

Hori horrela, bizikletak hartu eta LH-6ko ikasleek Axpeko aterpetxera bisita egin dute, eta azokan lorturiko etekinak eraman dizkiete errefuxiatuei. Honegaz, elkartasun keinuetatik ekintzetara zelan igaro daitekeen erakutsi gura izan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!